Atzoko udalbatzarrean, eztabaidatu eta bozkatu ziren puntuak:
1.- 2015eko urriaren 15eko saioaren akta, hala badagokio, onartzea.
Aho batez onartu zen.
2.- 2015eko urriaren 21eko saioaren akta, hala badagokio, onartzea.
Aho batez onartu zen.
3.- Alkatetzaren dekretuen berri ematea.
4.- Kreditu transferentzien bidezko kreditu aldaketarako 9/2015 zk.ko espedientea.
6 boto alde EAJ, PSE-EE eta 5 abstentzio BILDU, puntua onartu egin zen.
5.- Kreditu aldaketarako 10/2015 zk.ko espedientea eta dagokion txostena.
6 boto alde EAJ, PSE-EE eta 5 abstentzio BILDU, puntua onartu egin zen.
6.- Ekonomia- eta finantza-plana ordezkatuko duen txostena onartzea.
Aho batez onartu zen.
7.- Kreditu-eragiketa onartzea.
6 boto alde EAJ, PSE-EE eta 5 abstentzioa BILDU, puntua onartu egin zen.
8.- Zolatutako landa-bideen inbentarioa behin betiko onartzea.
Aho batez onartu zen.
9.- Soraluzeko Udalaren eta Alokabideren arteko lankidetza hitzarmena.
Aho batez onartu zen.
10.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Soraluzeko Udalaren eta Osakidetzaren arteko lankidetza hitzarmena Giltzagune proiektua burutzeko.
Aho batez onartu zen
Ondorengo puntua baino lehen, Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala "emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta" Urgentziazko mozio bezala txertatzea adostu zen alderdi politiko guztien aldetik.Ondoren, Aho batez onartu zen testua atxikitzen da.
Genero-indarkeria edo biolentzia matxista emakume ugarik, soil-soilik emakume izateagatik, jasaten duten hori da. Indarkeria mota honek emakumeek historian zehar pairatu dituzten desberdintasunetan du bere jatorria. EZ da ustekabeko indarkeria, arrisku-faktorea emakume izatea da. Mezua menderatzea da: zeure lekuan egon edo beldur izan.
Azaroaren 25a dela eta, data horixe izendatu baitu Nazio Batuen Erakundeak "Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna", gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa...), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste. Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa dela berdintasun-politikak baliatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe. Egoeraren larriaz jabetzeko, zifra eta kopuruetara jo behar dugu: 7 emakumetatik batek indarkeria fisikoa zein psikikoa jasan du bere bizitzako uneren batean; 603 milioi emakume eta neskatila etxeko indarkeria oraindik delitutzat hartzen ez den herrialdeetan bizi da; 4 emakumetatik batek gutxienez genero-indarkeria jasan du haurdunaldian; munduan 60 milioi neskatila inguru ezkontzera behartzen dituzte 18 urte bete aurretik...
Gainera, 2015 urtean asko izan dira berriro bortxaketa saiakerak, neska eta emakumeen bizitzaren gaineko kontrolak (kontrol ekonomikoak, fisikoak, sexualak, afektiboak, sozialak, kulturalak), emakume ugarik jasan behar izan dute eguneroko jazarpenak (irainak, bazterkeriak, gutxiesteak) eta bestelako erasoak (prekarizazio laborala, enplegurik eza, zaintza lanen karga isila). Eguneroko mikrobiolentzia barneratuak eta normalizatuak daude jendarte eredu patriarkalaren baitan.
Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da; izan ere, oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen da. Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten.
Gure xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, urrats bat gehiago emango duen gizartea eta, emakumeenganako indarkeriari aurre egitearekin batera, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde argiro azalduko den gizartea; berdintasun hori oraindik orain formala bada ere eta EZ erreala. Lehen emakumea berdintasun ezaz kontziente zen eta horren aurka borroka egiten zuen. Orain, berriz, berdintasunaren iruzurra eta ameskeria bizi ditu. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea.
Jendarte eredua ezinbestean aldatu behar dugu biolentziarekin amaitu ahal izateko. Biolentzia horiek guztiak, makroak zein mikroak, desagerrarazteko modu bakarra, berau sostengatu, zuritu edo babestu dezakeen jardun oro alboratuz lortuko da.
Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi.
Horregatik guztiagatik:
• Soraluzeko Udalak etorkizunean "biolentzia matxista" terminoa erabiltzeari eutsiko dio, dagoeneko hedatua eta zabaldua dagoen kontzeptua baita adituen artean.
• Soraluzeko Udalak konpromisoa hartzen du bere eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.
• Soraluzeko Udalak, momentu bakoitzean dituen baliabide ekonomikoak kontuan izanik, beharrezko bitarteko tekniko eta ekonomikoak jarriko ditu Udaleko Parekidetasun Zerbitzuaren esku, egonkortasuna eman asmoz eta Berdintasunerako II. Plana bere osotasunean garatu ahal izateko.
• Soraluzeko Udalak herritarrak gonbidatzen ditu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, baita azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten ere, bai halaber gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako 'Beldur Barik' ekimenean.
11.- Eskari eta galderak.