Inbertsioetarako diru gehiago egon da 2014an

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2015ko api. 29a, 11:21

Aurrekontuen likidazioa edo itxiera egin da Soraluzeko Udalean. Urtea ondo amaitu dela baloratu du Gobernu Taldeak. Orokorrean, salto bat eman da inbertsioetan eta aurreikusitako proiektuak egin dira. Horrez gain, zorra murriztea lortu da.

2013an baino inbertsio gehiago egin dira 2014an. Bi arrazoi nagusigatik gertatu da hori. Batetik, aurreko urteetan hartutako neurri ekonomikoei esker zorra nabarmen murriztea lortu delako, nahiz eta horrek gastuak murriztu beharra suposatu zuen. Eta bestetik, inbertsioetarako diru laguntza gehiago jaso direlako eta Diputazioko Foru Funtsetik ere diru gehiago eman duelako.

 

Inbertsioei dagokienez, diru laguntzetan 2013an baino 194.000 € gehiago jaso dira eta 965.288 € inbertitu dira guztira 2014an. Aurreko urtean 173.134 € inbertitu ziren. Azken finean, inbertitzeko diru gehiago izanda, errazagoa baita diru laguntza gehiago eskuratzea ere.

 

Aurrekontuetako soberakinari dagokionez, Kiroldegi gaineko obrak finantzatzeko baliatuko da aurten zati bat, aurrekontua 65.000 €tik 105.000ra igoz. Beste 35.600,31 € geratu dira soberan.