Otsailaren 18an ospatu zen Udal Batzarrean, Soraluzeko EAJko Iker Aldazabal bozeramaileak galderen tartean Olentzeroren montaje eta desmontajearen 3.521 €-ko faktura neurriz gorakoa iruditzen zaiola salatu zuen. Hiart Arluziaga alkateak, kostu horren zergatia galdetu eta azalpenak emango zituela erantzun zuen.
Udal Gobernuak honakoa azaldu nahi du fakturaren inguruan:
- Laibi Elektrizitatea enpresak 217-14 zenbakidun fakturan, 3.521,10 € kobratu zizkion abenduaren 31n, “Olentzero. Montaje, materiales y desmontaje en Plaza Barrixa” kontzeptuarekin. 2.910 €-ko kostua gehi BEZ-eko inbertsioa izan da.
-
Inbertsioaren zenbateko hori ez da ordea, montaje eta desmontaje lanena soilik. Materialen kontzeptuaren baitan, koadro elektriko berria, LED argiztapen berria eta musika ekipo berria sartzen dira. Olentzeroren etxola jarri behar zela aprobetxatuz, Plaza Barriko koadro elektrikoa aldatu zen. Koadro zaharra ez zebilen ondo eta ez zituen segurtasun irizpide guztiak betetzen.
-
Materialen kostua 2.050 €rokoa izan da guztira. Montaje eta desmontaje lanek berriz 860 €ko kostua izan dute.
-
Beraz, nahiz eta fakturaren kontzeptuak nahasmena sor dezakeen, kostu horren zati handiena material berriarena da. Nahi duenak eskuragarri du faktura udaletxean.
-
Koadro elektriko berria jartzea inbertsioa izan da, urte osoan zehar Plaza Barrixan antolatzen diren dozenaka herri ekimenetan baliatzen den azpiegitura baita. Eta esan gabe doa musika ekipoa ere eskuragarri izango duela edozein elkartek bere ekimenetan erabiltzeko.
-
Beste behin ere EAJren jarrera salatu nahi du Udal Gobernuak. Fakturaren zergatiak jakiteko beste mila modu ditu. Halako salaketa bat publikoki, arrazoiak jakin gabe egin aurretik, kontrastatu egin behar direla uste dugu. Behin kontrastatuta, salagarria dela iruditu ezkero, zilegi deritzogu publikoki adieraztea.
-
Beraz, Udal Gobernuak Soraluzeko EAJk bazterrak nahastea beste helbururik ez duela uste du. Harria bota eta eskua ezkutatu, Udal Gobernuaren eta langileen jardunaren aurkako zurrumurru maltzurrak zabaldu nahian.
-
Azkenik, euren borondate eta ilusio guztiarekin halako herri ekimenak antolatzen ibiltzen diren herritarrei euren lana aitortu eta eskerrak eman nahi dizkiegu beste behin ere. Haurrengan gabon ukitu horrek sortzen duen ilusioa ederra da.