Munduko kulturez mozorrotuta badatoz Soratostiak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2015ko ots. 10a, 10:36

Etzi izango da Ostegun Gizen eguna eta beraz badatoz aurten ere Soratostiak, Soraluzeko aratuste partikularrak. Aurtengo honetan, antolatzaileek lehen aldiz gai baten inguruan mozorrotzeko proposamena egin die: munduko herrialde eta kulturak.

IMG 6782

Jendea mozorrotzera animatzeko, larunbat eguerditik aurrera Photo Call bat jarriko da Kontzejupean jendeak bertan argazkiak ateratzeko. Telefono zenbaki bat jarriko da argazkiak Whatsapp bidez bidaltzeko.

 

Horrez gain, Bizikaleko taberna eta dendak ere mozorrotuko dira. Epaimahai batek baloratuko ditu eta lokalik onenak saria jasoko du.

Gai bezala munduko herrialde edo kultura bat aukeratu duten kuadrilen artean, saria emango zaio konpartsa edo talde onenari. Epaimahaiak kalean zehar ikusitako eta whatsapp bidez jasotako argazkien bitartez egingo du balorazioa. Mozorroa bera zein taldeak aukeratutako herrialde edo kulturarekiko duen interpretazioa ere hartuko dira kontutan.

 

Egitarau oparoa

Eguenean, zapatuan eta martitzenean haur, gazte zein helduek gozatzeko moduko egitaraua prestatu dute lankidetzan Udalak, Kukumixo aisialdi taldeak, Urrats Dantza Taldeak, Musika Eskolak eta dendarien Bizikale elkarteak.

Eguenean hasiko da jaia Bizikaleko tabernariek antolatutako pintxo pote tematikoarekin 19:00etan. Mozorrotzeko lehen aitzakia izango da hori. Zapaturako ostera, aurten Plaza Zaharrean karpa jarriko da. Eguerditik aurrera haurrentzat jolas eta buruhandiak, aratusteetako dantza saioak, dantzaldiak eta kalejirak egongo dira. Nabarmentzekoa da aurten lehenengoz musika eskolako ikasleen rock kontzertua egongo dela.

Martitzenean berriz, arratsaldean haurrentzako play-back lehiaketa, gaiteroen kalejira eta gauen dantzaldia egongo dira Soratostiak alai eta dantzan amaitzeko.