Udalak komunikazio plana martxan jarriko du ondorengo hilabeteetan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2015ko urt. 23a, 12:38

Soraluzeko Udalak komunikazio plana martxan jarriko duela jakinarazi du. Planaren helburua “herritarrekin eta udalaren baitan elkarrekikotasuna bermatuko duen kalitatezko komunikazioa mekanismoak ezartzea” da planak adierazten duenaren arabera.

soraluzeeus

 

Finean, udalaren komunikazioa lehen eskutik, gardentasunez egiteko eta herritarren parte hartzea sustatzeko baliabideak jarri nahi ditu planak, parte hartzearen kultura sustatzeko asmoarekin. Bestetik, udalaren barne mailako komunikazioa hobetzeko tresnak eta mekanismoak ere ezarriko ditu. Guztia udalak kalitatezko zerbitzua eskaintzeko helburuarekin.

 

Izan ere, azken urteetan komunikazio moduak asko aldatu badira ere, udalak dituen tresnak zaharkituta geratu dira. “Herritarrekiko elkarrekikotasuna edo feedback-a bermatzeko kanalak ezarri behar dira, herritarrak baitira Soraluze biziberritzeko subjektua.”

Zentzu horretan, Udalaren webgunea berritzea izango da zeregin garrantzitsuenetakoa, informazioa eskaintzeko plataforma garden gisa, herritarren parte hartzea sustatzeko tresna gisa eta azken finean tramitazioak eta zerbitzuak modu erosoan egiteko tresna gisa. Horrez gain, kaleko informazioa eta hartu-emanerako tresnak ere indartuko dira, auzoz-auzoko panelak eta buzoiak jarrita.

 

Azkenik, Hiri Adimentsuaren proiektuarekin lotura zuzenean, herritarren elkarrekintzarako eta informazio osatuena momentuan eskura izateko, mugikorretarako aplikazio baten garapenean ere ari da udala.

 

Komunikazio Plan hau eskualdeko enplegu planaren bitartez udal komunikazioa lantzeko kontratazioari esker diseinatu da. Behin plana diseinuta Udal Gobernu Taldeak legegintzaldia bukatu aurretik plana abian jartzeko konpromisoa hartzen duela adierazi du. Horretarako planaren diseinua egin duen pertsonaren zerbitzuak kontratatuko dituztela jakinarazi du, legegintzaldia amaitu arte. Bost hilabetetako lan horrek 5000+BEZeko kostua izango du.

 

Udaleko langileen azken ekarpenak jaso eta behin betiko zirriborroa itxi ostean, plana edozeinen eskura egongo dela adierazi dute.