‘Komunikabideak etorkizuna ehuntzen’ lelopean, TOKIKOMek berak antolatu ditu jardunaldiok, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesaz, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntzaz.
Hausnarketa, aldarrikapena eta festa
Ekitaldia goizeko 9etan hasiko da, eta hiru zati izango ditu: hausnarketa, aldarrikapena eta festa.
Hausnarketari dagokionez, hiru gai nagusi landuko dira jardunaldian: lehenengoa toki komunikabideen demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia izango da. Horretan sakontzeko, Britainia Handiko BBC telebista publikoaren ‘Local Democracy Reporting’ eta ‘Shared Data Unit’ esperientziak ezagutaraziko dira, korporazio publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako toki komunikabideen elkarteak bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri ere emango du, eta TOKIKOMek EiTBrekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren lehen fruituak aurkeztuko dira.
Gai teknikoagoetara jaitsita, kazetaritza eta aisialdia izango da beste mintzagaietako bat. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko IKUSIKER ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazio kontsumoen ohituren berri emango dute eta, gai horrekin lotuta, EiTB prestatzen ari den Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerakin bat ere ikusi ahalko da Getxon.
Gai teknikoekin jarraituta, kazetaritza eta digitalizazioa ere hartuko dugu hizpide. Alde batetik, UNAVeko adituen eskutik Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aztertuko dugu, eta zer dioen mundu osoko eta Espainiako eduki eta albiste kontsumo ohituren inguruan. Gainera, tokiko kazetaritzan aplikatu daitezkeen adimen artifizialeko tresnen aukerak eta erronkak ere xehetuko ditugu.
Toki komunikabideen elkarteen manifestua
Eguna bukatzeko, jardunaldiak TOKIKOMen urteurrenaren inguruko ikuskizun batekin borobilduko ditugu eta, haren ostean, elkarrekin mokadu bat hartu eta ospatzeko aukerarik ere ez da faltako.
Ikusi hemen Jardunaldien egitarau xehea eta lekuak erreserbatzeko sistema.