Tokikomeko presidentea

"Toki komunikabideok abuztura bitartean 2,5 milioi euroko galera izango dugula aurreikusten dugu"

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2020ko mai. 7a, 10:39

Jone Guenetxea.

Tokiko hedabideek kezkaz begiratzen diote etorkizunari. Koronabirusaren krisiak sektore guztiak kolpatu ditu, eta Jone Guenetxeak (Abadiño, 1978) toki komunikabideak batzen dituen TOKIKOM erakundeko presidenteak dio hedabideena ez dela salbuespena.

Toki komunikabideen diru-iturri propioak ia desagertu egin dira. Txanponaren beste aldean, toki-komunikabideok egun hauetan lanean jarraitzeko egin duten ahalegina eta aduientzietan izan duten igoera daude.

Kazetaritzaren ikuspuntutik zelan daramazue lana?

Gurea jarduera esentzial bat izanda, ez dugu etenaldirik izan. Gainera, informatzeko bokaziotik, inoiz baino tinkoago eutsi diogu produkzioari. Herritarrei informazio fidagarria zintzotasunez helarazteko konpromisoa berretsi dugu. Albiste faltsuak geroago eta ugariagoak diren informazioaren mundu honetan hedabideon lana oso beharrezkoa da. Herritarrek jakin gura izan dute egunerokotasunean krisi honek zelan eragiten dien, eta informazio hori eskuratzeko tokiko hedabideetara jo dutela uste dut.

Audientziek zenbat egin dute gora?

Webguneko audientzia nabarmen igo da tokiko hedabideetan, baita Plaentxia.eus-en ere. Urtarrileko eta otsaileko datuak martxokoekin eta apirilekoekin alderatuz gero webguneko bisitak %75 igo dira, eta iazkoekin alderatuta, %43. Krisiaren hasieran gaitzak gogorren jo zuen eremuetan egin zuen audientziak gora. Alearen (Araba) eta Geuriaren (Basauri) adibideak hortxe ditugu. Orokorrean, euskal hedabide guztion kontsumoak gora egin du interneten. Tokikoon kasuan, TOKIKOMeko hedabide guztion trafikoa batuta %97ko igoera izan dugu iazko sasoi honetako datuekin alderatuz. Hau da, bisitak bikoiztu egin dira. Krisi aurreko audientziekin alderatuz berriz, %60tik gora hazi da audientzia. Datu horiek ondo egindako lanaren adierazgarri dira. Tokikook argi erakutsi dugu funtzio sozial garrantzitsua betetzen dugula gure komunitateari informazio fidagarria helaraziz. Nik neuk ere euskal hedabideon informazioa inoiz baino gehiago kontsumitu dut eta irakurle legez aitortu behar dut eduki benetan interesgarriak ikusi ditudala. Alde horretatik, pozik egon gaitezkeela uste dut.

Ikuspuntu ekonomikotik, krisiak zelan eragin du tokiko hedabideetan?

Oso kezkatuta gaude. Krisi honek sektore guztiak kolpatu ditu, eta gurea ez da salbuespena izan. Herritarrak geroago eta informazio gehiago kontsumitzen ari diren sasoi honetan, diru-iturri propioak inoiz baino gehiago murriztu zaizkigu. Publizitatean kolpe handia jaso dugu. Kontuan izan publizitate aldetik tokiko hedabideok tokiko komertzioagaz lotura estua dugula. Publizitate eta zerbitzu salmentak minimoetara jaitsi dira egun batetik bestera. TOKIKOMeko bazkide diren 25 entitateok aurreikuspen bateratu bat egin dugu. Ikerketa horren arabera, tokiko komunikabideon fakturazioa %72 murriztu da. Kasu batzuetan %80ra ere iritsi da. Toki komunikabideok abuztura bitartean 2,5 milioi euroko galera izango dugula aurreikusten dugu. Irailetik aurrera ez dakigu zer gertatuko den, baina ez gara oso baikorrak. Hala ere, beste egoera zail batzuk gainditu ditugun moduan, honi ere elkarlanean aurre egingo diogu.

Diru-laguntzetan jaitsierarik izango duzue?

Ez dugu jaitsierarik espero. Hala ere, udalen batek izan dezake tentazioren bat, beraien diru iturriak ere murriztuko direlako. Hala ere, inoiz baino gehiago da politika egiteko momentua eta inork ez du zalantzarik tokiko hedabideen esentzialtasunean. Instituzio batzuek adierazi digute laguntzei eusteko borondatea, adibidez, Aldundiek eta Jaurlaritzak. Zenbait kasutan hiru urterako sinatuta daude laguntza horiek. Ez dugu murrizketarik espero, ez genuke ulertuko. Badakigu instituzioentzat ere sasoi zaila dela. Hala ere, azken urteotan egonkortzera bidean eman ditugun pausoak kontuan izanda, espero dugu laguntza horiei eustea. Gure diru-sarrerek hanka bi dituzte: sarrera propioena (batez ere publizitatea) eta diru-laguntzak. Sarrera propioak minimoetan egonda, instituzioek badakite diru laguntzei eustea dagokiela. TOKIKOMeko hedabideek kontatzen dute erakunde publiko guztien laguntzarekin eta laguntza denei eutsita ere erabaki drastikoak hartzera derrigortuta egongo dira hainbat euskal hedabide.