Alderdien Legearen aplikazioan eta ideien ilegalizazioan oinarri duen zigor-epai politiko baten aurrean gaude.
Estatuak denetariko tresnak erabili ditu euskal independentismoaren kontra, besteak beste gerra zikina, parapolizialak eta salbuespeneko legediak; alderdien legea eta alderdien ilegalizazioa azken horien baitan kokatu daitezke eta aurreko neurri horiek guztiek bezala huts egin duten beren helburuetan.
Ezker independentismoaren proiektu politiko zilegiaren alde eta ilegalizazio erabakien aurrean beren eskubideen erabilpena egin zuten milaka herritarretako batzuk epaitu dituzte 35/02 izeneko sumarioan.
Epaiketa horretan epaituek eta beste herritar askok duten hautu politikoa ordainarazi nahi dute.
SORTUko militanteok harro gaude ilegalizazio garaian euskal herritar askorekin batera Ezker Abertzalearen proiektu independentistari eutsi izanagatik. Milaka askok baldintza zailetan eutsi geniolako Ezker Abertzale indartsu eta zabala daukagu orain; eta lan hori egin zelako kapazak izan ginen Euskal Herria osoan garai politiko berria irekitzeko hausnarketa eta lan politikoa burutzen.
35/02 sumarioaren epai honetan independentismoa eta ilegalizazioaren ankerkeriari aurre egin izana zigortu da. Eta horrela, Ezker Abertzaleari faktura pasa egindako hautuagatik eta alternatiba independentista eta ezkertiar gisa etorkizunari begira duen potentziala higatu eta erasotu nahian. Alternatiba politiko herritarra hegemonikoa izatera ez iristea bilatzen dute gu kolpatuz. Azken finean euskal herritarrak noizbait beren buruaren jabe izatea ezinezko egin nahi dute eta horretarako Ezker Abertzalea da duten oztopo nagusietako bat.
Dakizuenez, zigor-epaiak 107 Herriko Tabernaren inkautazioa ebatzi du. Gaurkoan Gorenak eman duen epaian 36ko gerratik honakoan jazarpen politikoagatik eman den jabego konfiskaziorik handiena konfirmatzen da. Konfiskazioaren larritasuna lokalen balio ekonomikotik harago doa, zilegia den aktibitate politiko alternatibo eta legala aurrera eramateko bitartekoak ari zaizkigulako indarrez kentzen. Eta gainera honi gehitu behar zaio hamarnaka lanpostu galduko dela konfiskazioaren ondorioz.
Garai politiko berria irekitzeko apustua egin genuen eta hori posiblea izan zen hamarkada luzetan egindako lanari esker eta ilegalizazioari aurre egin geniolako. Gure konpromisoa garai politiko berriarekin erabatekoa da eta ez dugu normalizazio, bake eta konponbiderako aukera hau inork hondoratzen utziko. Bere garaian, gaur zigortuak izan diren batzuk espetxeratuak izan ziren eta aldiz urte batzuk beranduago herri honen norabide politikoa aldatzea lortu du Ezker Abertzaleak eta beraz etorkizunari baikortasunez begiratuko diogu, gaurko epaian zigorrak ezarrita ere apustu politikoa irabazi dugulako.
Bukatzeko, deia zabaldu nahiko genuke datozen egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartu eta eraso honek suposatzen duen gehiegikeria salatzeko.