Ongi etorri etxera Lurdes!

Erabiltzailearen aurpegia sortu 2015ko mar. 24a, 10:10

20 urtetik gora Soraluzetik urrun preso eman ostean, gure artean dugu berriz ere Lurdes Txurruka. Hala ere, konponbide prozesuak aurrera egiteko, denon indarrez lanean jarraitu behar dugulakoan dago Sortu, preso guztiak etxeratu arte.

Lurdes Txurruka 2

Berri pozgarria jaso genuen barixakuan, 20 urtetik gora preso eman ostean aske gelditu baita Lurdes Txurruka. 20 urte gogor, bere lagun eta senideengandik 2.000 kilometrora eman baititu preso Huelvako espetxean azken urteak, sarri bakartuta.

 

Baina etxetik urrun izatea nahikoa zigor ez bada, dispertsioaren gordinena ezagutu du Lurdesek. Bera bisitatzera zihoazela hil ziren auto istripuz Asier Heriz eta Iñaki Saez. Iñaki ez zuen ezagutu ere egiten. Horrek agerian uzten du ordea, herri honetan urte guzti hauetan, Espainiar eta Frantziar gobernuek mendekuz presoak eta ingurukoak etsiarazi nahi izan badituzte ere, porrot egin dutela. Milaka lagunek jardun dute borrokan urte guztiotan presoak askatzeko helburuarekin. Baita garesti ordaindu ere, Asier eta Iñakiren gisan.

 

Ez dugu ahaztu behar era berean, atxilotze eta espetxeratze bereziki gogorra izan zuela Lurdesek, tiroketa batean bera zauritua eta bere bikotekide Txorta erailda.

 

Zoritxarrez, Lurdesen kaleratzearekin ez da ezer amaitu. ETAk borroka armatua behin betiko utzi eta konponbide prozesuan urratsak eman baditu ere, Espainiar eta Frantziar Estatuek mendeku politika aplikatzen eta atzera pausoak ematen jarraitzen dute.

 

Konponbide baketsu eta ordenatuaren ordez, zauriak itxi eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak emango dituenaren ordez, garaile eta garaituen eskema makurra eta arduragabea aplikatu nahi dute gobernuek, hala, Lurdes bere militantziara eraman duen arazo politikoa konpondu gabe estali eta behingoz gaindituko dutelakoan.

 

Maila politiko handia eta akordioetara iristeko gaitasuna eta ardura eskatzen du konponbideak. Eta presoen auzia konpontzea lehentasunezkoa da, prozesuak hauspo berria hartu eta aurrera egin dezan. Sortun norabide horretan lanean jarraituko dugu.

 

Modu berean, ez dugu ahaztu behar Soraluzen Eloy, Sebas eta Sabin ere etxetik urrun ditugula, itzuli ezinda. Guztiak etxera ekarri artean borrokan jarraitu beharra dago, presoen eskubideen eta konponbidearen alde gehien zabalak batuz. Bakoitzak bere aletxoa jarrita, ekarriko ditugu.