Soraluzeko ikuspegia koloreztatutako Florencio Lamoten grabatuan (1796).

Espainiako armadaren hornitzaile bakarra bihurtzeak irabazi ekonomiko handiak ekarri zizkien Soraluzeko armagileei eta horrela, Soraluze inguruko herririk garrantzitsuena bihurtu zen. Oparotasun hori mantentzeko, hurrengo urteetan Soraluzeko armagileek beren jarduna egokitu zuten: produktu berriak, teknologia berriak, barne antolakuntza eraginkorra (gremioak), ordezkariak Madrilen … Baina ia bi menderen geroago, XVIII. mende bukaeran, egoera okertu egin zen alde guztietatik: ideologiak ugaritzea, gerrak, aurrerapen teknologikoak, bezeroaren mesfidantzak… sistemaren gainbehera ekarri zuten. Azkenean, 1865. urtean, sistemaren bi zutabeak, monopolioa eta gremioak, erori egin ziren.

Soraluzeko armagileen asmakizunak, Soraluzeko arma lantegia sortzeko ideiak (eta Gaztelako erregeak Gipuzkoa eta Bizkaiako Erret Lantegia ezartzeak) praktikan suzko armen monopolioa ekarri zien, eta horrek aberastasuna ekarri zuen Soraluzera hurrengo berrehun urte pasatxoan.

Momentuan momentuko beharretara egokitzen amatzea izan zen horrenbeste urtean onik irauteko arrazoia. Produktuen eskaintza dibertsifikatu zuten, espingardez gain beste arma ugari eskainiz: mosketeak, arkabuzak, eskopetak, terzerolak, fusilak, pistolak… Armagintzako hainbat aurrerapen teknologiko eta hobetu zituzten, esaterako, metxazko sistema zaharkituaren ordez txispa sistema baliatuz.  

Ekoizpena antolatzeko lau gremio ere sortu zituzten: kañoigileak, giltzagileak, kutxagileak eta aparejeroak, hiru mailatan sailkatuz: maisuak, ofizialak eta ikasleak edo aprendizak.

Inguruko herrietako armagileek ere asmatu zuten sistemara batzen baina orokorrean Soraluzek berarentzat gorde zituen ofiziorik zailen eta emankorrenak zirenak: kañoigileak eta kutxagileak. Soraluze eskualdeko herri buruzagia bihurtu zen, eta Florencio Josepf de Lamotek bere grabatu ospetsuan adierazi zuenez, "Europako printzeek Soraluze mapetan jartzeko agindu zuten".

XVIII. mendeko oparotasunaren ostean, 1794.ean hasi zen gainbehera, ekaitz perfektua. Dena alineatu zen kontra: ideologia (liberalismoa, gremioen monopolioen kontrakoa zena), jauzi teknologikoak produktuetan (atzerakarga eta pistoi giltzak, ekoizteko askoz errazagoak) eta prozesuetan (mekanizatua, barrenatzea baino emaitza hobea ematen zuena), hiru gerra (armagileak sakabanatuta eta lantegiak deseginda gelditu ziren), bezero nagusiaren mesfidantza (Soraluze Frantziako mugatik gertuegi zegoen eta karlista/ traidore gehiegi zebilen)... Azkenean, 1865. urtean, Erret Lantegien zein gremioen sistemaren heriotz-agiria sinatu zuten.

Indarra galdu arren, Soraluzeko armagintza ez zen amaitu. Beste ehun urtean egin zuen aurrera: La Euscalduna, armagile txikiak, The Placencia de las Armas Company Limited, SAPA.

Ramiro Larrañaga Arma Museoa

Azken bostehun urteetan Soraluzen milioika arma egin dira, zorrotzak zein suzkoak, luzeak zein motzak, kainoiak ahaztu barik.

Soraluzen egindako armarik gehienak deseginda edo desagertuta daude, baina oraindik gordetzen dira ehundaka ale. Eibarko Armagintza Museoan dago multzo ederra eta inguruko museoetan beste hainbat, baita bilduma pribatuetan ere beste asko eta asko.

Gaur eguneko teknologia digitalei esker, Ramiro Larrañaga Arma Museoa k arma horietako ehundik gora ditu bilduak eta sailkatuak, era birtualean bada ere.

Modu horretan, edozeinek du aukera Soraluzeren memoria historikoan zehar ibilbidea egiteko, bere begiz ikusteko herri honek lortu zuen ekoizpen maila eta jabetzeko hainbat mendetan gure aurrekoak nola izan ziren gauza aurrera egiteko.