Felipe II.ak Gipuzkoa eta Bizkaiako Erret Arma Lantegiak (gazteleraz Reales Fábricas de Armas de Guipúzcoa y Vizcaya) eratu zituenean, erret maila aitortu zien, erregearen arma eskaera ia guztiak biltzen zituen erakunde moduan funtzionatuz.
Erret lantegiak sortu eta hiru urtera (1576), Felipe II.ak Lope de Elío nafarra izendatu zuen arma ikuskari. Izendatu eta urtebetera (1577an) Lope de Elíok gerora iraunkortuko zen arazo gogor bati egin behar izan zion aurre: ez ordaintzeari. Eibarko armagile batzuk, eskatutakoa ekoiztu eta armak entregatu arren, oraindik 394.566 marabedi falta zituzten kobratzeko eta Lope de Elío berari adierazi zioten ez zutela eskaera berririk onartuko zor zietena kobratu arte.
Arazoak arazo, hurrengo hogei urteetan (1595era arte) Lope de Elíok Soraluzeko Erret Lantegien jarduera garatu eta finkatu zuen, emaitzak ezin mardulagoak lortuz: 1591ko martxoaren 16an, Lope de Elío berak adierazi zuen aipatu lantegiek urtean erregearendako 23.000 suzko arma egiteko gaitasuna zutela.