XVI. mendeko bigarren erdian ere, Soraluzeko armagileek arma kopuru handia saldu zioten Gaztelako erregeari, baina lehia gogorra zeukaten, batez ere, Lombardiako Bresciakoen partetik, haiek ere arkabuz mordoa saltzen baitzioten Gaztelako erregeari.
Bezeroa bereganatu asmoz, Soraluzeko armagileak batu egin ziren eta 1573an erakunde berria sortu zuten: Gerrarako suzko arma eta arma zorrotz eramangarrien Soraluze hiribilduko lantegia (gazteleraz Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la villa de Plazencia).
Barne funtzionamendua arautu ostean (eskaeren banaketa gremio eta maisuen artean, barne logistika, gastuen eta irabazien banaketa...), ekoizpen ahalmen hori erregeari eskaini zioten, era berean, prestutasuna agertuz, ordura arte egin zuten moduan, bezeroak (erregeak) bidalitako ikuskari, aztertzaile, intendente eta zuzendaria onartzeko.
Helburua garbia zen, bezeroa bereganatzea eta eskaera kopurua ziurtatzeaz gain, handitzea, monopolioa lortu arte. Horretarako erregeari eskaini ziotena aintzat hartzeko modukoa zen: kalitatea (Arrasateko altzairua oso ona zen), lantegi berriaren kudeaketan parte hartzeko aukera eta prozedura logistiko erraztua (dirua aurreratu, armak ikuskatu eta eroan).
Hiribilduko lantegi bateratu berria Soraluzeko armagileek sortu bazuten ere, hurrengo urteetan inguruko herrietako armagileak ere batu zitzaizkien eta urrunagoko herrialdeetatik herrira etorri ziren hainbat pertsona ere bai; Gaztelatik, Frantziatik, Herbehereetatik eta beste herrialde batzuetatik etorriak.