Kantauriko isurialdeko gainerako lurraldeetan moduan, Goi Ertaroan Soraluzeko lurretan ere oso jende gutxi bizi zen eta bizi ziren apurrak mendian sakabanatuta. XII. mende ingururako, ostera, bizigune iraunkor bat sortua zuten Ezozi inguruan eta bi mende geroago, 1343. urtean, hiribildu titulua jaso zuen Gaztelako erregearengandik ordurako ibaiaren ertzetan egokitua zuten herrigune txikiak.
Hain zuzen, sasoi hartan hasi ziren Arrasaten altzairua ustiatzen. Meatzetatik ateratako materialetik burdina bereizi ondoren, altzairu bihurtzen zuten eta, azkenean, sutegitan landu lanabesak eta armak egiteko.
Meategiak Arrasate inguruan zeuden kokatuta baina burdinolak Debarro osoan eraiki zituzten, bailara osoa burdin ekoizteko lantegi sare erraldoia bihurtuz. Sare horretan pisu garrantzitsua zuen Soraluzek, gure herriko orografia oso egokia zelako burdinolen jardunerako.
Gipuzkoako herririk aldapatsuenetakoa izanik, ur eta aldapa konbinazioak indar iturri paregabea eskaintzen zuen erroten eta burdinolen jardunerako. Horretaz jakitun, soraluzetarrek dozenaka igera (errota) eraiki zituzten erreken eta ibaiaren ertzetan, ez bakarrik laboreak ehotzeko, baita burdina lantzeko ere. Horietako batzuk "tiraderak" edo burdinola txikiak ziren, inguruko herrietan egiten ziren burdin totxo handiak zatitu eta prestatzen zituztenak. Bi adibide aipatzearren, Igareta (Malmero) errotak burdingintzan ere baziharduen XV. mende bukaerarako eta Sagarraga burdinola Gipuzkoako ferrerien zerrendan ageri da 1497. urterako.
Hala ere, lantegi gehienak sutegiak ziren, produktu bukatuak lantzen eta eskaintzen zituztenak, nekazaritzarako lanabesak zein arma zorrotzak: iltzeak, pikotxak, aitzurrak, igitaiak… eta baita espatak, pikak eta sastagaiak ere.
Aurrerapen horrek, alegia, burdina lantzetik produktu bukatuak ekoiztera iritsi izanak, abantaila nabarmenak ekarri zizkion bailarako industria berriari: batetik, diru sarrera gehiago, eta bestetik, oinarri funtzional eta logistikoa balio erantsi handiagoko produktuak ekoizteko: suzko armak.