XIV eta XV. mendeetan Debarroan armagintza industria sare zabala garatu zen. Garai hartan, arma zorrotzak ekoizten zituzten: ezpatak, sastagaiak, pikak… pieza bakarrekoak. Arma preziatuak ziren oso, Arrasateko burdin mearen purutasunari eta egurrezko hauspoen euskal teknologiari esker, kalitate handikoak ziren eta.
Soraluze ez zen izan salbuespena eta gure herrian ere indartsu garatu zen armagintza. Herriaren morfologia (aldapatsua eta ur emari handikoa) ez zen oso egokia nekazaritzarako, ostera, ezin aproposagoa zen burdinola eta sutegientzako.
XVI. mende hasieran, Debarroko gainerako herriak ez bezala, soraluzetarrak nabarmendu egin ziren suzko armen ekoizpenean: espingardak, mosketeak, arkabuzak… Hauek askoz garestiago saltzen zituzten pieza bakarrekoak baino, mekanismo konplexuagoak izanik, ekoizteko zailagoak baitziren.
Arma konplexuago eta aurreratuagoak egiteko egiteko erabaki hori oso arrakastatsua suertatu zen eta, merkatuan oso ondo saltzen zituztenez, Soraluze asko hazi zen. Aurki, bezero batek aurre hartu zien gainerako guztiei; bezero nagusi hori Gaztelako erregea zen. Harek gero eta arma gehiago eskatzen zuen baina lehengaiak mugatuak ziren. Armagileek baliabideak kentzen zizkioten elkarri eta erregearentzat gero eta zailagoa zen lehengaiak armagileen artean banatzeko prozesua behar bezala kudeatzea,
Orduan, 1573. urtean, soraluzetarrak elkartu ziren ekoizpen gune guztiak egitura bakarrean integratu eta "holding" modukoa sortuz: Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la villa de Plazencia. Aurrerantzean, erosleek (batez ere Espainiako armadak) erakunde bakar batekin egingo zituzten tratuak. Erakunde berri horren onarpen ofiziala urte berean etorri zen, Espainiako Felipe II.ak Reales Fabricas de Armas de Guipuzcoa y Vizcaya erosketarako erakundea sortzearekin.
Txanpon beraren bi aldeak ziren: Batetik, eroslea, Gaztelako administrazioa (garaiko hizkeran, erregea), eskaerak egin, kalitatea aztertu, armen garraioa antolatu eta ordaintzen zuena eta bestetik, ekoizlea, soraluzetarren arma fabrika, lehengaiak eskuratu, lanak elkarren artean banatu eta armak aurkezten zituena.
Hurrengo urteetan, soraluzetarrek hobeto antolatu zuten ekoizpen bateratua: langileak lau gremiotan banatu zituzten (kañoigileak, txispagileak, kutxagileak eta aparejeroak), gremio bakoitzean hiru maila bereiziz: maisua (lantegi baten jabea, enpresaria), ofizialak eta ikasleak.
Hasiera batean Fabrica de Armas de fuego de Placencia delakoan soraluzetarrek besterik ez zuten lan egin, baina handik gutxira, inguruko herrietako armagileek Fàbrica de Armas de Placencia-rekin bat egin egin zuten eta Soraluzeko "lantegia" hainbat herritako armagileak biltzen zituen ekoizle sarea bihurtu zen.
XVIII. mendean, Ilustrazio garaian, Europako erregeek hainbat Erret Lantegi sortu zituzten han eta hemen, lantegi handiak, armagintzaren industria bultzatzeko helburuz. Baina berrehun urte lehenago soraluzetarrek egin zutena zeharo desberdina izan zen: negozio txiki asko balio kate bakar batean integratu zituzten eta ahots bakarrarekin aurkeztu ziren merkatuaren aurrean. Iniziatiba arrakastatsu honi esker, herriko industriak bizirik iraun zuen hirurehun urtetan zehar.