Rudy Holke soraluzetarra hil da

Aste honetan hil da Rudy Holke soraluzetarra, Kontxako estropadetan parte hartu zuen lehen atzerritarra. Zumaian bizi zela, 1960ko azaroaren 15ean olatu batek zazpi gazte eraman zituen, eta haietatik bakarra atera zen bizirik. Rudy Holkek bere bizitza arriskuan jarri zuen gazte hura uretatik ateratzeko (gehiago jakiteko, hemen).

Eta, nola heldu zen Rudolph gaztea Zumaiara, Soraluzen jaio eta gero?

Otto Hölke (1897-1971), Rudolphen aita, Alemaniako Altenhagen hirian jaio zen (Westfalia eskualdea). Lehen Mundu Gerraren ostean (1919-1925) Pränafawerke Karl Engels (Solingen-Gräfrath) eta Friederich Klopp Shapinmaschinenfabrik-en (Solingen-Wald) jardun zuen lanean, bertako arduradun teknikoaren laguntzaile moduan.

1925. urtean bere kontura hasi zen, eta hurrengo urtean Soraluzeko Sabino Achotegui y Cía-an hasi zen, Klopp-en karrakatzeko makinetan inspiratutako limadora bat diseinatu, garatu eta fabrikazioa abian jartzeko.

Soraluzen bizi zela jaio zen Rudolf semea eta bertan bizi izan zen aitak Sabino Achotegui y Cía. enpresan lan egin zuen zazpi urteetan. 1935. urtean, Otto Zumaiara joan zen familia osoarekin (tartean Rudolf) eta han Otto Hölke enpresa sortu zuen, fresatzeko makina unibertsalak ekoizten zituen lantegia. Enpresa horrek 1994. urtera arte jardun zuen lanean. 

Otto Hölkek diseinatutako limadorek bizitza luzea izan zuten, ia berrogeta hamar urtekoa. Gama zabala garatu zuen, 300 mmtan hasi eta 750 mm arte: L/300, L/350E, L500, L/500E, L/550E, L/650E eta L/750. Honetaz gain, sofistikazio puntua ere eman zien, esaterako, limadora kopiatzailea.

Oso gizon zurruna omen zen Otto, eta zera esaten omen zuen: ...teoria guztiak dira grisak, praktika da balio duena. (Gehiago irakurtzeko, klikatu hemen)