120 urte Dama Mikaela (1820-1901) hil zenetik

Erabiltzailearen aurpegia

Josefa Micaela Maiztegi, Dama Mikaela, ezaguna izan da Soraluzeko Babesetxeari lagatako ondasunengatik. Honetaz gain, izaeraz ere nabarmendu zen bere garaian: bere asmoak eta nahiak aurrera atera zituen herriko gizon ahaltsuenen kontra... diruaz lagunduta, noski.

 

Josefa Micaela Lucasa Maiztegi Aldasoro 1820ko urriaren 17an jaio zen Pintorekua etxean.

Zortzi neba-arrebatan laugarrena, familiaren ondasun gehienak eskuratu zituen; eta gainera izeba aberats batek bere ondasunak ere laga zizkion, tartean Atxuriko Mendizabal etxea (gerora Babesetxea izan zena).

Josefa Micaela Maiztegik aberatsei zegokien bizimodua zeraman, lasaia eta oparoa; besteak beste, udak Mutriku aldean ematen zituen. Eta herrian Dama Mikaela izenez ezagutzen zuten.

Babesetxearen aldekoa

Soraluzen Erruki-etxea behar zela eta, 1896. urtean Isidoro Iturriaga Trocaola indianoak emandako diruaz Mendizabal etxea alokatu zioten Dama Mikaelari.

Baina bi urte geroago Udalak Erruki-etxea zena Babesetxe-ospitala bihurtu zuen, eta gaixoak artatzen hasi ziren, tartean Erregetxean kantonatuta zeuden Itsas Infanteriako soldaduak.

Itxura denez, gure Mikaelari ez zion gustatu Gobernu liberaleko soldaduak "bere etxean" egotea, eta argi ohartarazi zuen Udala: babesetxea bai, baina ospitala ez; bestela, denak etxetik botatzeko mehatxua egin zuen. Atzera eta aurrera ibili ondoren, azkenean Udalak amore eman zuen: ez zen gaixorik artatuko Babesetxean, are gutxiago soldadurik.

Udalari baldintzak, testamentuan

1901.eko martxoaren 3an, orain dela 120 urte, hil zen Josefa Micaela Lucasa Maiztegi Aldasoro, jaiotako etxean bertan (Arrano tabernaren gainean). 82 urte zituen. Baina oraindik sorpresa bat gorde zuen Udalarentzat.

Hilabete batzuk lehenago testamentua egin zuen Elgoibarren, Babesetxeari Mendizabal etxea eta hainbat lursail uzten zizkiona.

Testamentua isilpean gorde zuten eta, Udalak testamentu-betearazlearengana jo zuenean, hiru urte pasa ziren baldintza estuak ezagutu arte: Erruki-etxe berria sortu behar zen, Udalarekin edo gabe (gogoratu Babesetxea 1896tik martxan zegoela), San Vicente de Paul-eko Alabak ekarri behar ziren (1896.tik Mertzedariak bertan ari ziren)...

Tirabira askoren ostean, 1904ko otsailean Udalak amore eman behar zuen atzera, Dama Mikaelaren baldintza ia guztiak onartuz, mojena ezik (Mertzedariak Soraluzen geratu ziren 2005. urtera arte). Gainera, esker onez, Dama Mikaelaren erretratua Mendizabal etxeko leku nabarmenean ipini zuten, gaur egun Zaharren egoitzan daukatena.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.