Beroarendako elurzuloak

Sasoi batean neguan elurra eta izotza gordetzen zuten, gero udan erabiltzeko. Gehienetan medikuntzarako (sukarra jeisteko, odoljarioak mozteko edo zaintiratuak arintzeko), baina inoiz izozkiak egiteko ere bai. Soraluzen ere baziren elurzuloak ("neberak" gure euskaran), eta oraindik ere geratzen zaizkigu aztarnak.

Elurzulo handi bat Irukurutzetatik gertu dago, Nebera izeneko mendi-ataka ondoan hain zuzen. Eta beste bat Aizpuruko Zabala trikuharriaren alboan. Sei-zortzi metrotako diametroa dute, eta gaur eguneko sakonera metro batekoa da. Erabiltzen zirenean askoz sakonagoak izango ziren, baina ordutik hona lurrez bete dira.
 
Hirugarren elurzulo handi bat Pol-Pol iturriaren inguruan dago, Bergarako lurretan baina Soraluzeko mugatik gertu. Agerian ditu oraindik harrizko horma ederrak.
 
Beste alderik, Korta baserriak bazuen bere elurzuloa, askoz txikiagoa.
 
Azkenik, Neberalde parajea aipa daiteke, Edurdungo baserriaren gainean. Izen batak zein besteak inguran elurzuloak zirela adierazten dute eta. 
 
Gehiago jakiteko, sakatu hemen.