Koronabirusaren ostean, turismoa herrian?

Uda honetan gobernu denak tematu dira jendea beren esparrutik ez ateratzen, bertan nahikoa gauza erakargarri omen daude eta: Madrilgoa Espainian, Gasteizkoa Euskadin, Donostiakoa Gipuzkoan… Hala ere, ez da oso urruti joan behar gauza bitxi eta politak topatzeko. Soraluzen ere badaukagu zer ikusi eta zertaz gozatu. Hemen, Soraluzeko Nebi Air enpresak euren web orrialdea, promozionatzeko parrokian grabatu duen bideo ederra, dron bitartez grabatu dutena. Jende asko eta askorentzako sorpresa izango da: ikuspuntuengatik batzuentzat, eta ezagutzen ez dutelako besteentzat.

XX. mende bukaeran Soraluzeko Santa Maria la Real parrokia oso egoera txarrean zegoen. Orduan hasi ziren lehengoratze eta zaharberritzeko lanak, eta 2007an bukatu.

Berrinaugurazioa 2007ko abenduaren 15ean izan zen. Zaharberritzearen arduradunak Xabier Barrutieta eta Gudiker Beaskoa arkitektoak izan ziren.

Emaitzak ikusterakoan herriko andre edadetu batek esan zuen moduan: “creíamos que teníamos una mierda de iglesia, ¡y teníamos la iglesia hecha una mierda!“.

13 urte geroago, Soraluzen sortu berria den Nebi AIR Operadora Aerea enpresak elizaren barrukaldea grabatu du dron bat erabiliz. Euren Facebooke-ko orrialdean jasotzen dutenez, oso hegaldi korapilotsua izan da, GPS erreferentzirik ez zegoelako, eta bazter batzuk ilunegiak zirelako grabatzeko. Hala ere, bideoa ikaragarria da, egundoko lan polita egin dute.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.