XIX mende bukaerako bi eskultura

Erabiltzailearen aurpegia Sorapedia 2020ko eka. 18a, 08:59

Soraluzek baditu 1900 urte inguruko bi eskultura, brontzezkoak, 1967 urtean herrira ekarrita: Le vainqueur (Irabazlea) eta Belluaire (Piztien gladiadorea), biak ala biak Eugène Marioton eskultore frantsesarenak.

Orduko alkateak, Jose Luis Larrañagak, Madrilen eskuratu zituen. Le vainqueur Zubi Nagusiko iturri berriaren gainean jarri zuten, eta zubiarekin batera Santiago egunean inauguratu (1967/07/25). Belluaire, berriz, Udaletxean erakusgarri dago.

Bost hamarkada ostean, Zubi Nagusiko Le vainqueur figurak elementu batzu “galdu” ditu (arkua, adarretako ostoak) baina oraindik nahiko egoera txukunean dago.

Eugène Marioton (Paris 1857-1933)

Eskultore eta dominagilea izan zen, heziketa klasikokoa. Lehiaka askotan parte hartu zuen (1883-1922), batez ere Salon de la Société des artistes français zelakoan. Irabazten ari zen ospeari esker, 1905 epaile izendatu zuten, eskultura sailean. Bere lana oso arrakastatsua zenez, behin eredua eginda eskulturak tamaina desberdinetan urtzen zituen, gehienetan Parisko E. Colin eta Siot Decauville arte-fundizioetan. 
Soraluzez gain, gaur egun bere lanak hainbat tokitan ikus daitezke: Paris, Rouen, Béjaïa (Aljeria), Errumania... Eta sarri askotan nazioarteko enkanteetan eskuragarri izaten dira.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen eta hemen.