Uribarri Jauregia begi bistan

Erabiltzailearen aurpegia Sorapedia 2020ko eka. 13a, 08:25

Alboko etxea (Errabal 12) botatzen ari direla, Uribarri jauregia izandakoaren ipar horma begi bistan agertzen ari da. Historia luzea dauka atzetik: jauregia izan zen XV mendean, arma biltegia gero eta, 1573 urtean Soraluzeko Erret Arma-Lantegiak sortu zirenean, Erregetxea bertan ezarri zuten. Hurrengo mendetan pare bat aldiz handitu ostean, 1809an Erregetxe berria egin zuten, Plaza Zaharraren goiko aldean. XIX eta XX mendeetako eraikuntzak jauregia ia osorik estali zuten, bakarrik bi arku eder agertzen ziren ibai aldera.

Jauregia Arrasatetik etorritako Uribarri familiak eraiki zuen, XV mende bukaeran edo. Aberatsak ziren oso. Aita, Garcia de Ulybarry, Soraluzeko gizon aberatsena izan zen bere garaian (herri osoko ondasunen %15a berea zen eta). Eta dirutza honen zati bat Juan Garcia de Uribarri semeak Udalari mailegatu zion, zubi nagusia eraikitzeko.

Seme hau, armagile eta negoziogilea izateaz gain, herriko eskribaua eta alkatea ere izan zen. Alkatetza utzi eta gero auzia zabaldu zioten udal diruekin "irregulartasunak" izan zirelako. Azkoitiako Maria de Urkizuk ere aitatasun auzia jarri zion, baina Valladoliden (hemengo epaileekin ez zen gehiegi fidatzen, itxuraz).

Juan de Uribarri honek jauregiko ganbara arma biltegi moduan erabiltzen zuen eta, erregeak erositako armak gordetzeko tokiren bat behar zuela, 1558 urtean goiko pisua alokatu zion. Hil eta gero, Udalak jauregia erosi zion Maria alabari, Soraluzeko Erret Arma Lantegiak sortuz. Hortik Erregetxea izena.

Soraluzen armagintzak gero eta indar gehiago hartzen ari zenez, Erregetxea bi aldiz handitu zuten, Bergara aldera. Ondorioz, Uribarri jauregia desitxuratuta geratu zen. Dena dela, Iñigo Espadak egindako planuetan (1751) ondo bereizten da Erregetxearen alde zaharrena (Uribarri jauregia) eta bi handitzeak.

Urte batzuk geroago (1785), eraikina goitik behera berritzeko proiektua idatzi zuten, baina 1801ko ufalek zeharo kaltetu zutenez, azkenean Erregetxe berria eraiki zuten, Plaza Zaharraren goiko partean.

Gaur egun, Uribarri jauregia Errabal 10eko etxearen barruan "izkutatuta" dago, ipar aldean. Fatxadak berreginda, bi solairu gehiago gaineratuta, etxe bat alboan eraikita... jauregia zeharo estali zuten. Errabal 12ko etxea botata, Uribarri jauregiaren ipar horma, harrizkoa, begibistan geratu da.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen