Bidegorria itxita, badaude beste aukera batzuk!

Erabiltzailearen aurpegia Sorapedia 2020ko mai. 5a, 08:11

Konfinamendutik atera berriak, Osintxuko bidegorria itxi digute egun batzutarako, eta berriro preso sentitzen ari gara, etxean lehen eta herrian gero. Baina bidegorria itxita ez da mundua bukatzen, badira, gutxienez, bi aukera eder: Sagar-erreka eta Ezozibidea. Biak gertu, ezezagunak baino erdi-ahaztuak, eta, nahiz eta aldapa pixka bat egon, lasai paseatzeko aukera ematen dutenak.

Sagar-Errekako ibilbidea. Herriko armagintza eta burdinolen aztarna batzuk ikusteko aukera ematen du: SAPAko fabrika berria, Olabarrena, Igarate, Errotabarri eta bere presa… (informazio gehiago hemen). Kilometro pasatxo eginda Ugarrora helduko gara (San Martzialerako bidegurutzea), eta hemen hiru aukera daukagu: ekarritako bidetik atzera egin, San Martzialera segi eta eskilaretatik herrira bueltatu edo, kirola egiten ari bagara, aurrera segi: Sagarraga, autobideko zubiak, Ospital iturria, Mutxaneko putzua, ur-jauzia…

 

Ezozibidea. Errepidetik aurrera Mendiola industrialdea, autobidea, Ezozia futbol zelaia, Arribiribileta zutarria, sasoi bateko Errege Bidearen aztarnak, Espilla eta Armendiako armarriak, Ezoziako santutegia, aterpea eta bi plazak… bide honek ere badauka zer erakutsi (informazio gehiago hemen).

Ezoziko plazara helduta, baimendutako distantzia pasata daukagu, baina ez asko. Hemen ere hiru aukera zabaltzen zaizkigu: zuzenean atzera egin, lehengo errege bidetik bueltatu herrira edo, kirola egiten ari bagara, Arzabalagaruntz segi: bide guztian Irure bailarako ikuspegi ederraz gozatuz, eta bukaeran Maltzagako lotunea: errepideak, trenbideak eta autopistak.

 

Eta Soraluzek eskaintzen dituen beste ibilbide gehiago ezagutzeko, sakatu hemen.