Soraluze mapetan 1539tik

Gero eta mapa zaharrago sortzen ari dira Soraluze (barkatu, Paziencia, Plasencia, Plazencia…) jasotzen dutenak.

Aurretik uste bazen mapa zaharrena 1578koa zela (Gerar de Jode-ren Nova et Exactissima Descriptio Nobilis Provinciae Guipuscouae), El Escorial-eko monastegian gordetzen den 1539ko eskuzikribu batean Soraluze agertu da.

Eskuizkribu honek iberiar penintsula osoa marrazten du, hogetabat orritan: mapa orokor bat, aurkibide gisa, eta zatitako beste hogei mapa.

Soraluze (Plasencia) 19. eta 20. orrien artean dago. Beraz, bietan agertzen da, 19. orrian eskumako aldean eta 20. orrian ezkerrekoan. Gainontzeko herrien tamaina dauka, ez da ezertan nabarmentzen.

Mapa hauek 1539-1545 inguruan marraztu zuten baina, inork ez dakiela zergatik, ez zen inoiz argitaratu. Eskuzikribua El Escorial-eko liburutegira 1576 urtean eraman zuten.

Atlasean ez da egilearen izenik ezta sinadurik agertzen, eta beraz egilea ezezaguna zen. Baina 2000 urtean Estokolmoko (Suedia) Erret Liburutegian Pedro de Esquivel topografoaren ohar liburua topa zuten eta, datuak aztertuz eta kaligrafia egiaztatuz, Atlas del Escorial-en egilea Alonso de Santa Cruz zela ondorioztatu dute.

Garaiko beste mapekin alderatuta, Atlas del Escorial hau geografikoki oso zehatza da; gainera, datu asko jasotzen ditu: hiri eta herriak, ibai, zubi eta mendiak, basoak eta zuhaitz motak…

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.