Soraluzen jazz-ak 100 urte… eta gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Sorapedia 2020ko api. 20a, 23:10

Nabarmena da jazz-ak Soraluzen egin duen bidea azken urteetan: Centroko zein Gaztetxeko jaialdiak, Gazteluperen terrazako saioak, grabatutako diskoak…

Baina Soraluzeko jazz-aren historiak 100 urte baino gehiago dauka, Casino Liberalean Jasbana eratu zutenetik.

Casino Liberala Errabal 22ko lehen solairuan zegoen (gaur egungo BBVAren gainean). Bertan, herriko liberal, errepublikano eta sozialistak biltzen ziren: ezkerreko jendilajea, oso aurrerakoiak eta beti Elizak esaten zuenaren kontra.

Banda ere bazuten, Paz y Labor izenekoa. Eta Liberalekoek ohitura zein musika modernoak oso gertutik jarraitzen zutenez, domeka arratsaldetan musika bandako batzuk Jasbana (ingelesez Jazz Band) sortu zuten, pianoa eta kontrabaxuak lagunduta.

Eta dantzarako musika zen, “agarrao”. Círculo Tradicionalistan, esateko, dantzarik ez zen egiten, pekatua zelako,

Betiko dantzaldiez gain, aratoste osteko Piñata igandeko dantzaldi berezia izaten zen: garizuma hasita zegoen baina ihauterietako azken dantza izaten zen; gainera pastelak izaten ziran, eta umeak bertara joan behar pastelak jatera!

Dena dala, dantzaz aparte pekatu handirik ezin egin: saloiaren erdi erdian zutabe borobila zegoen, eta bertan Santiago Gojeascoechea Fati (ingelesez Fatty) egoten zen makil handi batekin erritmoa markatzen, eta bikoteak zaintzen aldi berean, ezer arrarorik ez gertatzeko. Berak markatzen zuen piezak noiz bukatu.

Liberalen pare parian bizi zen neskatzar batek, Hijas de María lehendakaria bera, dena zaintzen zuen Abarkateronekoa bere etxetik. Dantza pekatua zenez, eta liberalen seme-alabak bertara joaten zirenez, ba gero Hijas de María kongregaziotik bidaltzen zituen, horretarako zen lehendakaria eta! Mezatan ere, neskak taldetan egoten ziren, bakoitza bere maistrarekin; eta pekatua zutenak, esate baterako Liberalenera dantzara joandakoak, aldare ondoan jartzen zituzten denon bistan.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.