1700. urteko martxoan ere Soraluze alarma egoeran egon zen

Orain dela 320 urte, 1700. urtearen hasieran, izurritea izan zen Soraluzen (eta beste leku askotan ere bai, noski). Egoera gero eta larriagoa zenez, martxoan, San Roke Txiki San Roke ermitatik parrokiara ekarri zuten.

San Roke eta San Sebastian santuen irudiak 1598. urtean egin zituzten. Garai hartan Soraluzen egundoko izurritea zegoen eta santuak babesle onak omen ziren izurrien kontra.

Urte batzuk geroago, parrokia berriztu behar zutela eta, handik atera eta Santa Cruz ermitara eroan zituzten, gaur egun San Roke ermita esaten zaion horretara.

1700. urtean beste izurrite batek kolpatu zuen Soraluze eta egoera larri hartan San Roke Txikirekin gogoratu ziren (oraindik ez zegoen parrokian dagoen/zegoen San Rokeren irudi handia). Ermitaraino igo ziren, eta santua hartu eta herriraino ekarri zuten, prozesioan.

Baina, itxura denez, San Roke Txikiren eragina ez zen nahikoa izan, ze, badaezpada, haren indarra "osatzeko" edo, San Roke Txiki ermitara bueltatu zuten eta haren ordez, San Sebastian hartuta abiatu ziren parrokiarako bidean. Bidean, baina, Ezoziko santutegian sartu ziren eta bertako Andramaria ere ekarri zuten eurekin, parrokiaraino.

Izurria pasa eta gero irudiak bueltatu zituzten beren lekuetara.