Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguna

Soraluzeko andre langileak zenbakitan: biztanleria aktiboa

Erabiltzailearen aurpegia Sorapedia 2020ko mar. 4a, 09:20

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna dela-eta, gaur hasi eta datozen sei ataletan, Soraluzeko andre langileen bilakaera aztertuko dugu: zenbat diren, zelako langabezia maila duten, kobratzen dutena… Erabilitako datuak EUSTATen web orritik hartutakoak dira.

Udalerriko andre langileen gainean egindako azterketa Soraluzeko biztanleria aktiboari, hau da, herriko langileei erreparatuz hasiko da.

Zein da gaur egun Soraluzeko biztanleria aktiboa? (kontuan hartuta daude 18 eta 65 urte arteko soraluzetarrak, lanean ari direnak edota lan egiteko prest daudenak, izena emanda, alegia).

Bada, deigarria da azken 30 urteotan zenbat jaitsi den udalerriko bizilagun kopurua: 1.447 biztanle galdu ditu Soraluzek 1986-2016 epean. Hala ere, epe berean, biztanleria aktiboa ia mantendu egin da: bakarrik 99 pertsona gutxiago daude talde horretan. Horren arrazoia da urtetik urtera handitu egin dela lan munduan emakumeek duten presentzia.

Datuen arabera, gizonen kasuan biztanleria aktiboa, %5 jaitsi da; baina kopuru absolutuan, berriz, dezente handiagoa izan da jaitsiera, ia 500 lagun gutxiago.

Andreak, berriz, indartsu sartu dira lan merkatuan: %19 izatetik %44 izatera pasa dira 1986-2016 urteen bitartean, eta, nahiz eta Soraluzek bizilagunak galdu, geroago eta andre aktibo gehiago daude.

Ondorioz, gizonen eta andreen aktibitate ratioa gero eta hurbilago dago. Hori bai, 2010. urtetik aurrera hurbilketa hau moteldu egin da.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.