Aurten Maltzagako laugarren zubia

Denok ezagutzen dugu Maltzagako tren zubia. Aurten beste zubi paraleloa eraikitzen ari dira alboan, Elgoibar-Eibar bidegorriarena (noizko Soraluzeko adarra?).

Baina aurretik beste zubiak izan dira, oraingoa hirugarrena da eta.

Lehenbiziko zubia 1884-1887 urtetan eraiki zuten, Durango-Zumarraga trenbidearekin batera.

Garaiko teknologia erabiliz, zubia burnizko profilez egina zen, elkarrekin errematxatuak. Zubiak Y grekoaren forma zuen, zubian bertan banatzen zirelako Soraluzeko adarra (Zumarraga eta Gasteizera joateko) eta Elgoibarkoa (Deba eta Donostiarakoa). Hasiera batean lurrunezko trenak ibiltzen ziren, eta 1929 urtean elektrifikatu zuten trenbidea.

Gerra garaian, Soraluzen karlistak sartu eta bi egunetara milizianoek zubia bota zuten (1936/09/24). Hilabeteak egin zituen halaxe, eta nazionalek frontea apurtu bezain pronto 61 Dibisioko Injeniariek bigarren zubia altzatu zuten, aurrekoaren hondakinak aprobetxatuz.

1973 urtean, otsailak 28an hain zuzen, Zumarragako adarra itxi zuten, eta zubiaren Soraluzerako zatia ez zen gehiago erabilgarri.

Gaur egungo zubia 1990 hamarkadakoa da, Eusko Trenbideak enpresak burnizko zubi zaharra kendu eta altzairuzkoa ipini zuenekoa… baina Soraluzerako zatia ez zuten atzera jarri. Oraindik ikus daitezke zubi zati hura eusteko zutabeak.

2020 urtean, berriz, Maltzagako laugarren zubia eraikiko dute paraleloan, oinezko eta bizikletendako.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.