Koronabirusa Soraluzen? Zaharrak berri!

Erabiltzailearen aurpegia Sorapedia 2020ko ots. 5a, 12:15

Txinako Wuhan hirian koronabirusa sortu eta zabaltzen ari dela, denak aztoratuta omen gabiltza. Baina orain dela ehun urte, 1918-1920 urteetan, beste izurrite askoz larriago bat gertatu zen munduan, 50 miloitik gora lagun hil zituena: Ertaroko Izurri Beltzaren ostean inoiz izan den izurririk hilgarriena.

 

Orduko hartan Soraluzera heldu zen, eta eragin nabarmena izan zuen: 36 pertsona hil zituen zuzenean, eta aurretik gaixotutako beste dozena erditik gora “errematatu”. Nahiz eta izurria 6 hilabeteetan luzatu, hildako gehienak 13 egunetan hil zituen: 26; eta urriaren 4an jo zuen goia, 5 lagun hilda. Hildako gehienak bi adin taldekoak ziren: 21-40 urtekoak eta 5 urte artekoak.

Dena ez zen txarra izan, baina. Izurritearen eraginez, Udalak osasun zerbitzua sortu zuen herrian, bi medikurekin eta bi praktikanterekin.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Frantzian edo Txinan hasi

Izurria Frantzian (1916) edo Txinan (1917) hasi omen zen, eta lehen kasu dokumentatua Estatu Batuetakoa da (1918). Laster etorri zen Europara, eta I. Mundu Gerra martxan ari zela, erraz zabaldu zen, zikinkeria, zentsura eta baliabide falta lagun zituela (ikus argazkia). Espainia izan zen informazioa zabaldu zuen herrialde bakarrenetakoa, eta hortik izena: spanish flu (Espainiako gripea).

Izurritea 1918ko udaberrian heldu zen Euskal Herrira, bapatean. Biztanleen erdia baino gehiago gaixotu zen eta milako 12 hil ziren. Etorritako abiadarekin apaldu zen, eta azken hildakoak 1919koak izan ziren.

Gripea Soraluzen

1918 urtean Soraluzek 2.585 biztanle zituen, gutxi gorabehera. Orduko heriotz tasa urteko 40/60 hildako zen.

Gripearen eraginez, 36 pertsona hil ziren, 22 gizonezko eta 14 andrazko. Horrek milako 13,9 hildako suposatzen du, Euskal Herrian izan zuen bataz besteko eragina baino zertxobait handiagoa. Horretaz gain, aztertutako epean, dozena erditik gora gaixo hil ziren birikako tuberkulosiak jota, segururena izurriteak heriotza azkartuta.

Gripea irailean sartu zen Soraluzen eta egunik gogorrenak irailaren 28tik urriaren 10era artekoak izan ziren. 13 Egun horietan, 26 lagun hil ziren. Eta egun gogorrena urriaren 4a izan zen, 5 lagun hil ziren eta (ikus grafika).

Istorio txikiak: Dominica M. Z.

Gripeak izan zuen eragina ilustratzeko, herriko kasu bat aipatuko dugu (ikus argazkia).

XYZ baserriko alaba zan Dominica M.Z. eta 1918. urtian Mondraueko mutil batekin ezkontzekua zan. Baña urte hartan gripe epidemia haundixa zabaldu zan eta Dominica gaixotu eiñ zan. Urte hartako urrian ezkontzekuak ziran, eta urriaren 9ko goizian baserrixan telegrama hartu eben, nobixuaren aitta hil zala. Arratsalde hartan Dominica be hil zan. 22 urte zittuan.

Biharamuna

Gripearen erasoa pasa eta gero, 1918/10/31an Udal Batzordeak baldintza plegua onartu zuen, udal osasun zerbitzua sortzeko (ikus argazkia).

Zerbitzu horrek bi mediku titular izango zituen, bakoitza urteko 1.500 pezetako ordainsariarekin; eta praktikante bat, 1.000 pezetakoarekin.

Aldiberean, Juan Lasa praktikantearekin aurretik sinatutako kontratua errespetatzen zen hurrengo bi urteetarako. Kontratu hau gripe izurritea herrian sartu zenean egin zuten.


Gehiago jakiteko, sakatu hemen