Beste ikuspegi bat: Soraluze zenbakitan

Egun hauetan eguneratu dira herriari buruzko datuak; Sorapediako estatistikak. Ederki asko adierazten dute gaur egun herriaren egoera zein den, eta azken urteetan zer nolako bilakaera izan duen.

Adibide moduan, albiste honetan lau grafika erakusten dira:

Lehenengoan soraluzetarren kopurua agertzen da (1975 urtean goia jo eta gero, aldapa beheran dator, nahiz eta azken urteetan nahikoa egonkor dagoen).

Bigarrenean, biztanleko Barne Produktu Gordina (Euskadi, Gipuzkoa eta Debabarrenaren azpitik betidanik, baina 2005 urtetik aurrera amildu zena).

Hirugarrenean, zenbat emakumezko ari diren lan merkatuan (sasoi onak ala txarrak izan, gero eta gehiago; gizonen azpitik oraindik, baina oso gertu).

Azkenik, laugarren grafikak euskararen erabilera jasotzen du (azken 35 urteetan gaztelera egonkor, eta euskara indarra galtzen).

Lau adibide horien moduan hainbat eta hainbat datu daude, batzuk interesgarriak eta besteak gehiago. Datuez gain azalpenak ere jasotzen dira.

Datuak hiru multzo handitan bilduta daude, EUSTATen irizpideari jarraituz: biztanleak (kopurua, adina, jatorria, familiak…), ekonomia (Barne Produktu Gordina, enpresa eta negozioak, lanpostuak, etxebizitzak…) eta gizartea (biztanle aktiboak, langabeak, per capita errenta, per familia errenta, ikasketak, ikasleak, euskara…)

Daturen bat edo beste falta direla uste baduzu, mesedez bidali eiguzu mezua sorapedia.posta@gmail.com helbidera. Etorkizuna eraikitzeko abiapuntua da ondo ezagutzea, indarrak eta ahuleziak. Eta gero, gerokoak.