Intxaurdieta zaharberrituta, itsasontziak besterik ez dira falta!

Erabiltzailearen aurpegia Sorapedia 2019ko abe. 15a, 09:35

XIX. mende bukaeran Ignacio Zuloaga (1870-1945) margolari eibartarrak lau grabatu egin zituen, horietako bat Euskal portua izenekoa. Ordutik aurrera hainbat aditu zein portu izan zitekeen asmatu ezinean ibili ziren. Azkenean, Ramiro Larrañagak asmatu: itsasontzi artean agertzen den etxea Intxaurdieta zen, eta euskal portua Soraluze!

Intxaurdieta izena XVIII. mende hasieran bertan bizi izan ziren Andrés de Insaurdieta eta Antonio de Insaurdieta eman zioten, biak ala biak herriko Erret Arma Lantegietan oso aurrean egon zirenak.

Garai haietatik etxea nahikoa desitxuratuta heldu da gure garaietara. Solairu bat gehitu zioten XIX. mendean (Ignacio Zuloagaren grabatuan agertzen dena) eta bigarren bat XX. mendean. Eskailerak, hasieran etxe barruan zituenak, Baltegieta kaleko etxaurrera eraman zituzten, horretarako etxaurrea apurtuz, leiho berriak zabaltzeko. Eta leiho zein balkoietako zuraje gehiena ordeztu eta berritu zuten, gaur egunean aluminioa edo PVCa erabiliz.

Ale eder batzuk gordeta

Dena dela, oraindik gorde dituzte egurrezko hiru balkoi barroko bikainak Deba ibaiaren aldera, XVIII. mendekoak edo, burnizko baranda, ate beiradunak eta goiko leihatilak. Ale eder hauek ez dira bakarrak Soraluzen, oso antzekoak ikus daitezke Zupide jauregian, Baltegieta kalean hau ere.

Intxaurdieta etxeari buruz gehiago ezagutzeko, sakatu hemen.