Kanposantuko lehen hilobia

Oraindik gordetzen da Soraluzeko kanposantu berriaren lehen panteoia: José Antonio de Armendiak 1858 urtean erosi eta eraikitakoa. Kaperaren eskumaldean dago, Arbasoen baratzaren ondoan.

XVIII mendea arte hildakoak eliza barruetan ehortzen ziren. Horretarako sepulturak izaten ziran, familia bakoitzak berea zuela. Mende bukaeran ohitura hau galerazi zuten, eta herri guztietan kanposantuak egin ziren.

Hala ere, elizetako sepulturak erabiltzen jarraitu zuten. Urteurrenetan eta hildakoen egunean (azaroak 2) etxekoandreak argizaiola pizten zuen sepultura gainean eta bertan jartzen zuen bere aulkia meza entzuteko. Askotan senide gehiago ere sepultura gainean biltzen ziren mezetarako. Soraluzeko parrokian sepulturak gorde dira 1950. hamarkada arte, orduan eliza barrutik berritu zuten eta denak zoru berriaz estali zituzten.

Kanposantua frontoi ondoan egin zuten, baina XIX mendera erdirako txiki geratu zen. Orduan kanposantu berria egitea erabaki zuten, gaur egun ezagutzen duguna, Zeletako lurretan.

Hasiera batean kanposantua laukia zen, bi mailatan antolatua. Erdi-erdian kapera eraiki zuten, eta alboetan bi mailen arteko eskilarak. Lursailak salgai jarri zituztenean, lehen eroslea José Antonio de Armendia jauna izan zen: 11,10 oin karratuko lursaila, bi hilobiko panteoia egiteko.

Gerora ezkerretik eta eskumatik zabaldu zuten, gaurko azalera eta forma hartu arte. Kanposantu zibil txikia ere egon zen, baztertuta eta ez oso ondo zainduta, baina gaur egun ez da bereizten sinisdunen eta ez sinisdunen artean.

Kanposantuak denetako aukerak eskaintzen ditu: hilobi arruntak, panteoiak, horma-hilobiak eta errautsak lurperatzeko Arbasoen baratzea izenekoa.