San Martzial, baztertutako santua

San Martzial ermitan San Emeterio eta San Zeledonio daude… eta albo batean dago San Martzial ere, baztertuta.

XVI mendean santu berriak ekarri zituzten, eta bertakoa alboratu. Zergatik?

Erdi Arotik Debarroa (Araba eta Bizkaiarekin batera) Kalagorriko elizbarrutian egon da. XVI mende arte inguruko nobleek bertako ondasun erlijiosoak erabiltzen zituzten. Baina orduan artzapezpikuak “erasoa” jo zuen eta, besteak beste, Debarroko eta Bizkaiko hainbat eliza eta ermita elizbarrutiko patroien izenpean jarri zituen: San Emeterio eta San Zeledonio: Zamudio, Osintxu…

Eta hauekin batera Soraluzeko San Martzial ermita ere. Santuaren irudi gotikoa albo batera mugitu zuten, eta Berpizkunde estiloko erretaula ederra egin zuten santu berriak erakusteko. Erretaula Oñatiko Unibertsitateko aurrekaldea egin zuenarena omen da, Pierre Picart-ena.

Baina herriak eutsi zion aurreko santuari, eta oraindik ere soraluzetarrendako San Martzial ermita da. Sasoi batean San Martzial egunaren (ekainak 30) osteko domekan erromeria izaten zen; baina aspaldi galdu zen.

Bertako jaiak San Emeterio eta San Zeledonio egunean ospatzen dira… edo, hobeto esateko, astebete beranduago. Osintxuko patroiak San Emeterio eta San Zeledonio direnez, jaiek talka ez egiteko, 1701 urtean soraluzetarrak eta osintxuarrak bildu ziren, eta San Martzialeko kopraixak astebete atzeratzea erabaki zuten, iraileko aurreko domekara hain zuzen.

San Martzialeko kopraixak asko aldatu dira azken urteetan. Ermita atzekaldean bezperatik okela egosi eta salda egiteko ohitura 1980 arte mantendu da; behintzat, jai egitarauan agertzen den azken urtea da.

Hurrengo urtetan salda banatu bai, baina ez modu tradizionalean, 1936 urtean Cruz Abarrategi soraluzetarrak Jose Miguel Barandiaranek prestatutako galdetegi etnografikoan jaso zuenez:

Jaia iraileko lehen domekan ospatzen da, aurreko domekan Bergarako Osintxun egiten den moduan. Ordu txikitan ermitako maiordomoa eta laguntzaileak bertara igotzen dira, okela eta opilak daroiazela. Ermita ondoan sua pizten dute eta bertan bi pertz handi jartzen dituzte; pertzetan okela, espezie batzuk eta ur asko. Goizeko lau edo bostetarako herriko jendea hasten da agertzen: familia bakoitzeko pertsona bat, gehienetan zaharrena, ontzi batekin eta ogi pusketa batekin. Ermitara heltzerakoan ogia "sopan" bustitzen du eta ontzian sartzen du; gero etxera eramaten du, familiako guztiek dastatzeko.

Hamarretan meza kantatua izaten da, eta lehenago abadeak okela eta opilak bedeinkatzen ditu; okela eta opilak etxerik etxe banatzekoak dira, zentimo batzuren truke, eta karidadea esaten zaie. Ofertorio aurretik meza-emaileak hitzaldi laburra egiten du, aurkeztu den maiordomo berriaren izena zabaltzen duela. Egun horretan jasotzen diren limosnekin eguneko meza, sermoia... ordaintzen dira, eta domeka zein gorde beharreko jai guztietan ermitan pizteko tximeleta bat.

"Soparen" ohitura hau, diotenez, garai bateko oroigarria da. Orduan martiri hauek oso jauretsiak ziren, eta jaira kanpotar asko zetozenez, maiordomoak txekorra hiltzen zuen eta gaur eguneko moduan prestatzen zuen.