1950 urteko Soraluzeko mapa zaharra

Orain dela gutxi, Luis Urizarrek 1950. urteko mapa zaharra eman dio Soraluzeko Udalari. Mapa horrek argi erakusten du nolakoa zen garai hartako Soraluze, eta harrezkero desarrollismoak eragin dituen aldaketak zein diren: lantegiak, auzo berriak… Sorapediak aukera ematen du mapa horren bertsio digitala eskuratzeko .

Mapa zertan den
Mapa hau Baldomero de Blas ingeniari eta geografoak marraztu zuen Madrilen, 1950ko apirilean, Soraluzeko Udalaren aginduz, segururena.

Mapak erakusten du udalerria nolakoa zen, batez ere, herrigunea. Luzeeran, Igaratetik Salon-azpirainoko eremua barnebiltzen du (1.700 bat metro), eta zabaleran, ibaiaren bi aldeak (200-400 metro).

Berez, mapa argitarabea da, tipula-paperean egindakoa. Kopiak banan banan ateratzen zituzte, premia zegoenean.

Mapak 1:1000 eskala erabiltzen du, eta sestra-kurbak metrotik metrora daude marraztuta.


Mapan agertzen direnak eta falta direnak

Mapa hau oso garrantzitsua da jakiteko nolakoa zen  Soraluzeko urbanismoa desarrollismoaren aurretik.

Orduko enpresa asko eta asko agertzen dira mapan: Alberdi, Amuchastegui, Aranguren, Arizaga, Barrenechea, Gol, Lete, Oruesagasti, Sacia, Ucin… Gerora, lantegi horietako gehienak bota egin ziren.

Gaur egun desagertu diren hainbat eraikin ere agertzen dira: Erregetxea, Fabrika zaharra, Santa Ana komentua, Gayarre antzokia, Soraluce zinema, Zuzendariaren etxea, Malmero errota edo zentrala, zubi nagusi zaharra, aspaldiko zahar-etxea, Txurrukeneko bolbora-etxea, trenbidea eta geltokia, maristen ikastetxea...

Ostera, falta dira 1950. urtetik aurrera egindako auzo eta etxebizitza berriak: 1950eko hamarkadan Gabolats (iturri inguruan), Alejandro Calonge eta Serafin Achotegi, Sagar-erreka, Arraikua eta Loralde; 1960ko hamarkadan Gabolats garaia, Ezozibidea eta Zeleta; 1970eko hamarkadan Estaziño kalea, Errekalde bukaera, Gipuzkoa Etorbidea eta Santa Ana komentuaren lurretan eraikitako etxeak.


Bitxikeriak

Mapan agertzen diren lursailak jabe-izenen bidez identifikatzen dira, garai hartako grafiak: Erregueche, Seleta... 

Mapa eskuratzeko

Maparen hiru bertsio daude eskura: jpg (2,5 Mb), jpg (40 Mb) eta pdf (102 Mb). Nahikoa da Sorapediako Biltegi digitalean sartu eta bertatik deskargatzea.