Abestiak, altxor inmateriala

Erabiltzailearen aurpegia Sorapedia 2019ko mai. 10a, 18:14

2018 urtean, Soraluzeko Hezkuntza proiektu orokorraren baitan, Soraluze Bizi Soraluze Izan ekimena gauzatu da; helburua, herriko jakintza, kultura eta ondarea ikasleei helarazteko tresnak sortzea. Askotariko gaiak landu dira bertan, esaterako, kultura herrikoia, eta honen barnean herriko abestiak sartu dira.

 

 

Herri abestien bildumako zortzi aukeratu eta grabatu dira, mota guztietakoak (entzuteko sakatu gainean): umeentzako kantuak (Aitxaitxa ta amamaAtxia motxiaJuanito potxolo), Gabonetakoak (Gabon gabonete), jaietakoak (Zezena dator arkupetik), komertzialak (El que tenga una maletaAmillatei ta Marixa) eta txantxetakoak (Nik baditut hiru tatxa).

Ezoziko Ama abesbatza eta Soraluzeko Musika Eskolako umeen abesbatzaz gain, ekimenean hainbat herritarrek parte hartu dute: Fernando Alberdi, Mikel Hernandez, Domentx Ucin, Arianne Unamuno...

Kultur adierazpenak herrietako identitatea aberasten duten elementuak dira eta, neurri horretan, guztion ardura da transmititzea; ondorengoek ere herria eurena senti dezaten.

Eta adierazpen horietako bat da musika. Musikak toki handia hartu izan du Soraluzen eta gure ondarearen zati garrantzitsua osatzen du: abesbatzak, taldeak, konposatzaileak, eskolak..., eta abesti asko sortu dira mendeetan zehar: elizakoak, ume kantuak, aratoste-konpartsek abesteko doinuak, erromantzeak, kutsu politiko dituztenak...

Egile batzuk ezagunak dira: Manuel Tapia, Policarpo Larrañaga, Ascensio Gurrutxaga, Ander Ezenarro, Antton Oregi... baina kanturik gehienak herrikoiak dira, egile jakinik gabeak.

Abesti batzuk Soraluzen bakarrik abesten dira, Gabon gabonete kasu. Beste batzuk inguruko herrietan ere abesten dira, kasu gehienetan doinua eta letra zertxobait aldatuta, adibidez, Oskorrik moldatu zuen abesti ezagunaren kasua dugu argiena, kanta hau Deba ibarrean eta Durangaldeko herri askotan ezaguna baita.

Badira beste herri batzuetako egileen doinuak hartu eta herriko gaiak erabiliz, letra bat sortu zaion kasuak ere, Zezena dator arkupetik abestiarekin gertatzen den moduan.

Garai batean, baziren herrian koplak idazteko zaletasuna zuten herritarrak ere, kantuak bertso modura sortzen zituztenak doinu herrikoiak erabiliz: Nik baditut iru tatxa edo Amilai ta Marixa abestien kasuan adibidez.

Maiatzaren 18an

Herritar bat baino gehiagok dihardu musika ondarea jasotzeko zeregin horretan eta, gaur arte, 40etik gora abesti batu dira: letra, doinua, abestiaren ingurumariak... ugaria eta aberatsa da gure herriko kantutegia. Honetaz gain, kantuek garai bateko bizimodua eta ohiturak azaltzen dituzte, inoiz gertakariak kontatu… beraz, baliabide izen hobeak dira joandako garaiak errazago ulertzeko.

Goian aipatutako Soraluze Bizi Soraluze Izan proiektuaren emaitzak maiatzak 18an aurkeztuko dira, tartean lan guztia jasotzen duen web gunea eta hezkuntzarako tresna hau erabiltzeko informazioa ere bai.

Grabatutako abestiak Soraluze Bizi Soraluze Izan web gunean entzun eta jaitsi ahal izango dira, eta Sorapedian bertan ere bai (www.sorapedia.eus).

Etorkizunerako hainbat lan ildo aurrikusten dira. Alde batetik, abesti gehiagoren letra era doinuak berreskuratzea (hamarretik gora gutxienez), eta, bestetik, Soraluze Bizi Soraluze Izan ekimenak zabaldutako bidetik grabazio gehiago egitea, ostean soraluzetarren esku lagatzeko.

Eta, garrantzitsuena, abestiak herritarren artean zabaltzea, eskolan neska-mutikoei irakastea eta herrian bertan ezagutaraztea Plaentxia Kantuan ekimenaren bitartez.