Aurreneko esperientzia automozioan Thornycroft lurrin-kamioia izan zen, 1904 urtean, baina hogeita bost urte geroxeago, The Placencia de las Armas Company Limited-ek berriz parte hartu zuen arlo horretan.
20. hamarkadaren bukaeran lan karga jaisten ari zenez, Sociedad Española de Construcción Naval (SECN) enpresak, Vickers talde ingelesarenak, kontratu bat sinatu zuen Frantziako SOMUA enpresarekin, beraien ibilgailu industrialak Espainiako lantegietan ekoizteko, Naval-SOMUA izenarekin.
Ekoizpena Vickers taldearen beste enpresei azpikontratatu zion: Astilleros del Nervión, SECNren Reinosako lantegia eta Soraluzeko Compañía Anónima de Placencia de las Armas (hau da, The Placencia de las Armas Company Limited).
Soraluzeko lantegian 4 eta 6 zilindrotako motorrak, diferentzialak eta abiadura-kajak egin ziren. Horretarako, besteak beste, SOMUA etxeko taladro erradialak erabiltzen ziren (ikus argazkia). 1932ko martxoan Fabrika zaharra prestatu zuten motorren saiakerak egiteko.
1941era arte
Motorrak (ikus argazkia) gasolinazkoak ziren, eta bi modelo zeuden, 4 zilindrotakoa (22 HP/ zaldi fiskal) eta 6 zilindrotakoak (35 HP/ zaldi fiskalak). Bezeroak nahi izanez gero, ibilgailuetan diesel motorra ere ezarri zitekeen.
1935 urtean SAPA sortu zenean, SCENrekin zegoen kontratua mantendu zuten, eta ibilgailu industrialen motorrak egiten jarraitu zuten. 1941 urtean, berriz, SECNek eta SAPAk amaiera eman zioten kontratuari.
Ekoizpena, batez ere, mota askotako autobusak eta kamioiak izan ziren: zamakoak, bolketeak, ur-tankeak… eta suhiltzaileentzakoak (ikus argazkiak). Horietako bat Bilbon gordetzen da, Konsoni lantegian.
Naval-SOMUA ibilgailu industrialen argazkiak ikusteko edota gehiago jakiteko, sakatu hemen.