1936-39an, gerra sortu zenean, Soraluze Errepublikaren aldekoen esparruan geratu zen, baina ez denbora luzean: uztailetik irailera arte.
Irailaren 21ean, herria ia hustu egin zen, biztanleen erdiek baino gehiagok ihes egin zuten. Biharamunean, irailaren 22an, Montejurrako Terzioaren erreketeak sartu ziren herrian. Handik urtebetera, 1937ko irailak 15ean, orduko Udalak izena aldatu zion Plaza Barrixari. Erabateko adostasunez erabaki zen Irailak 22, Arrateko martiriak eta Montejurrako Terzioa izendatzea gaur eguneko Elizburu kalea, Barrenkale (sic) eta Plaza Berria, hurrenez hurren gogoratzeko herri honetan "indar askatzaileak" sartu ziren data, Arraten eraildako Serafin Atxotegi eta Manuel Lersundi (g.b.) gazteak eta Soraluze "askatu" zuen Terzioa.
Bi hilabete geroago, azaroak 12an, Udalak Nafarroako Aldundia zoriondu zuen, Francisco Francok San Fernandoren gurutze ''laureada'' eman zionean. Segururena, Montejurrako Terziokoak nafarrak zirelako, orduan aldatuko zioten izena plazari, Plaza de Navarra izendatzeko.
Franco hil eta gero, demokraziarekin, kale eta plazek jatorrizko izenak berreskuratu zituzten.
Urte zail haietan herrian gertatutakoa hobeto ezagutzeko, Isiltasuna hausten. 1936ko gerra Soraluzen liburu elektronikoa eskura daukazu hemen, euskaraz eta gaztelaniaz.
Eta argazkia atera den artikulua kontsultatu nahi izanez gero, hemen sakatu.