Astebururako iragarpena
Barixakua: Hego haizeari esker giro onak jarraituko du, goi eta erdi mailako hodeiek zerua zikinduko badute ere. Arratsaldean ekaitzak jo lezake. Tenperatura aurreko egunetakoa baino gradu batzuk baxuagoa izango da, baina epel jarraituko du, 22ºC inguruko maximoa espero baita. Haizeak tarteka bizi joko du.
Zapatua: Aldaketa handirik ez aurreko egunarekiko. Hego haizea, tarteka bizi, eta epel. Hegoaldetik tarteka ekaitz hodeien bat heldu liteke zaparradaren bat utziz, baina orokorrean ateri egongo da eta ostarteak nagusi izango dira. Tenperaturei dagokionez, aldaketa barik.
Domeka: Beste egun bat aipatzeko moduko aldaketa barik.
Bueltan da presio baxuko gunea Iberiar Penintsularen mendebaldera. Astean zehar nahiko urrun egon da, hego haizearekin Afrika iparraldeko aire masa beroa gainera bidali digularik. Asteburuan depresio gunea hurbildu egingo da eta honi lotutako aire freskoa dela eta tenperatura jaitsi egingo da apur bat. Alturan dagoen aire hotzarekin lagunduta Iberar Penintsularen gehiengo handi batean gogoz egingo du euria, gurean gauza handirik ez bada espero ere. Hala ere, jadanik maiatzean gaudenez eta hego ukituko haizea izanik, balio nahiko altuak ematen jarraituko dute termometroek.
Irudia (sakatu irudian handiago ikusteko): Aemet-ek zapatu eguerdirako iragarritako mapan. Argi ikusten da Portugal mendebaldean zentraturiko depresioa eta honi loturiko fronteak. Hego haizeko fluxua bidaliko du depresioak gurera eta honi loturiko alturako aire hotzak giro ezegonkorra eta ekaitzak sortuko ditu Penintsularen zati handi batean.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari begira aldaketa nabarmenik ez da ikusten. Depresio guneak nahiko geldikorra dirudi eta, akaso, are gehiago hurbilduko zaigu. Ondorioz, ekaitzak sortzeko aukera handiagoa izango da martitzen eta eguaztenean batez ere mapek diotenez. Tenperaturari dagokionez udaberriko ohiko balioekin jarraituko dugu.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.