Pelota Elkarteko pilotariak ere, bihar hasiko dute 2015-2016. denboraldia. Bihartik hasi eta abendura bitartean hainbat partidu jokatuko dituzte Gipuzkoa guztian zehar. Aurtengo Gipuzkoako Txapelketan, nagusi mailan, lau talde aurkeztuko dituzte: Eskuz Binaka (Ohorezko mailan), Eskuz Banaka (Lehenengo mailan) eta Gomazko Paleta 2. eta 3.mailetan.
Ostiral gauean jaialdia herrian
Bihar, ostirala, gaueko 22:00tatik aurrera eskuzko bi partiduak Arane Kiroldegian jokatuko dira. Lehenengoa, eskuz banaka ,Gorka Santamariak, Lezoko ordezkariaren aurka jokatuko du eta segidan, ohorezko mailan eskuz binaka, Aitor Atxotegi eta Andoni Aldape, Usurbilgo Santxo eta Gorrotxategi bikotearen kontra lehiatuko dira.
Aipatu beharra dago, Santxo eta Gorrotxategi, iazko Euskadiko txapeldunak direla eta astelehenean bertan, Lezoko txapel preziatuak irabazi zituztela, beraz, afizionatu mailako bikoterik onenetakoa dela esan daiteke. Partida gogorra gure pilotariek izango dutena. Bestalde, eta jaietan egon zen bezala, txosna bat ipiniko dute kiroldegian eta beraz, ostiral gaua pasatzeko plan on bat izan daitekeela uste dugu. Zuen zain geratzen gara!! Animatu!!
Palistak kanpoan
Gomazko paletako bi taldeak, ordea, aste honetan kanpoan jokatuko dituzte beraien partiduak. 3.mailakoak, Jon Heriz eta Asier Fernandezek larunbatean 10:30ean hasita, hirugarren partidua jokatuko dute Errenterian eta 2.mailakoak, Jon Gallastegi eta Joseba Etxeberriak, igandean 10.00etan hasita bigarrena Azkoitian.