Atzo kiroldegian, Euskal Herriko ligaxkari zegozkion pelota partiduetan, emaitza desberdinak lortu zituzten Soraluzeko pilotariek. Lehenenengo partiduan, Soraluze pelota elkarteko Andoni Aldapek, 22-21eko emaitzarekin galdu zuen Perez, Gasteizko (Txukun Lakua) pilotariaren aurka. 18-10 eta 21-18 galtzen joan ostean, partidua berdintzea lortu zuen azken unean baina, zoritxarrez, azken tantua, Gasteiztarraren aldera erori zen.
Bigarren partiduan bestalde, Atxotegi eta Bolinagak zorte hobea izan zuten. Partidu oso azkarra izan zen eta kanpoko pilotarien akats nabarmenak aprobetxatuz, soraluzetarrak 22 eta 7ko emaitzarekin irabaztea lortu zuten. Huarteko Garralda eta Mina pilotariek ez zuten bere maila eman eta uste baino errazago irabaztea lortu zuten. Partidu honen ostean, soraluzetarrak, ligaxkako aurreneko bi partiduak irabazi ondoren, sailkapen buru dira Euskal Herriko Ligaxkako ohorezko mailan.
Datorren asteburuan, Euskal Herriko ligaxkaren barruan hau ere, Aldapek, eskuz banaka Beran jokatuko du Bortziriak elkarteko pilotariaren aurka eta eskuz binaka ohorezko mailan, Atxotegi eta Bolinagak Usurbilgo pilotarien aurka arituko dira, Aginagako pilotalekuan.