M8ko galderak

Erabiltzailearen aurpegia

Nola azaldu DBHko 3. mailako gela batean gelakide neska guztiek ile luzea eramatea, eta mutil guztiek ile motza, ez dela kasualitatea? Nola tratatu gelakide neska baten ezetza errespetatu ez duen 16 urteko ikasle mutil bat? Zer esan pansexuala dela, baina feminismorik behar ez duela pentsatzen duen 15 urteko neska bati? Nondik hasi azalpenak ematen HIESA eta sexu bidezko beste gaixotasunak “Biharamuneko pastilla”rekin ekidituko dituela uste duen nerabe bati? Nola erreakzionatu irakasle “enrollatutzat” zaituen ikasle baten gogaituriko aurpegia ikustean zuk M8ari buruz prestatu duzun powerpointa irekitzean? Nola kalifikatu ikasleen aurrean ME TOO proiektua gela aurrean boikoteatu duen ingeleseko irakaslea? Nola defendatu 10 pentsalaritatik emakume bakarra aipatzen ez duen Filosofiaren Historia ikasgaiko programazioa? Zer esan korporatibismoari buruz esaldi misoginoak errepikatzen dituen irakaslea salatzeko balorea aurkitzen duen batxilergoko 2. mailako ikasleari? Nola aditzera eman lankide gizon bati ez diozula gehiago “mansplaining”-ik onartuko? Nola azaldu M8an greba egingo duen 16 urteko ikasleari, aurten ere helduok ez dugula egingo? Nola jokatu aurpegian nabaritzen zaienean berriz ere huts egin diegula?