Soraluzeko Musika Eskolari dagokionez, Pugèsek sei ikasle ditu, 7 urteko ume bat eta 30 urtetik gorako 5 heldu. "Super gustura" dago bertan, "eskola txikia da, Soraluze ere herri txikia da eta tratu gertuagokoa sentitzen dut, oso gustura nago, bai eskolak ematen eta baita eskolan lanean ere", dio kataluniarrak. Helduak ditu ikasle gehien. Zentzu horretan, Pugèsek dio asko aldatu dela musika eskolen izaera. "Lehen umeentzat ziren gehiago, baina musika eskola zerbitzu publikoa da eta ez dago musika ikasteko adinik".
Tangram Cello proiektua
Bestalde, musikari bezala, Tangram diska grabatu zuen Tangram Cello proiektu pertsonalaren baitan, 2016an.
Tangram proiektu pedagogikoa da eta bi adar ditu: "Bata da ikusleentzat, kontzertuak , diskoa… Beste adarra, berriz, hezkuntza, irakasleentzat formazioa, tailer bat ikasleentzat… Helburua biolontxeloa edozein motako musika-instrumentu modura tratatzea da, ez instrumentu klasiko modura. Diskoak 11 abesti ditu eta bakoitzak kapitulu bat dauka; kapitulu bakoitzean gai bat lantzen da txelistendako: melodia ikasteko, zati batzuk inprobisatzeko, erritmo batzuk asmatzeko, moldaketak egiteko…" Bestela esanda, Pugèsek sortutako 11 kantuekin ikasteko eta jolasteko aukera eskaintzen du.
Quartet Brossa laukotea
Horrez gain, Euskal Herrira etorri aurreko ibilbide musikalean, zortzi urtez, Quartet Brossa laukoteko kidea izan zen. "Kuartetoaren formazioa klasikoa izan arren (bi biolin, biola eta txeloa), helburua zen beste musika mota batzuk egitea, agian klasikotik zabor modura ikusten dena -hortik laukotearen izena, brossa zaborra da katalanez-: konpositore ezezagunak, beste musika mota bat, folk, hip-hop… Proiektu asko egin genituen eta laukoteak jarraitzen du. Quartet Brossa laukotearen helburuen artean beti dago apurketa moduko bat, eztabaida sortzeko beste ikuspuntu bat", esplikatu du Pugès-ek.
Adibidez, hainbat disko grabatu ditu Quartet Brossarekin, Cançons dels Brigadistes, esaterako: "Ikerketa egin genuen jakiteko zer kantu kantatzen zituzten errepublikanoek. Haiek hartu, kuartetoarentzat, abeslari batentzat, akordeoi batentzat eta perkusio batentzat egokitu, eta disko bat atera genuen". Beste disko bat izan zen Retaule d'avars. "Bartzelonan Palau de la Musikaren inguruan egon zen ustelkeriaren harira, gure mendeku modukoa izan zen. Abariziari buruzko hainbat testu literaturatik eta egunkarietatik hartu, eta Falsa Alarma hip-hopariekin, kuartetoarekin, klabeekin eta kontratenore batekin abariziaren inguruko kantu batzuk asmatu genituen". Bi adibide besterik ez dira horiek.
Pugèsen deskribapenarekin bukatzeko, esan berarentzat instrumentuak "jostailuak" direla. Auto-ikaskuntzaren bitartez, gitarra ikasi du, kontrabaxua ere badaki, tronboia pixka bat, cobla batean jo du (sardanekin lotutako musika-taldea) bateria ere badu etxean… Eta horrez guztiaz gainera, euskaraz dihardu, oso ondo jardun ere, "baina hobetzen saiatzen naiz, bai arlo pertsonalarengatik zein eskaintza publikoetara aurkeztu ahal izateko. Euskaraz bizi naiz, baina legalki ez daukat horrenbeste titulu, momentuz. Niretzat oso garrantzitsua da, gure lana da gure hizkuntza mantentzea nahi badugu. Azken batean, gainera, katalana eta euskara kaxoi berean daude. Cabrera Morenok dioen moduan, ez dago hizkuntza txiki edo nagusirik, gutxituak edo nagusituak baizik.