DANBAKA MUSIKA LEHIAKETA

Nagore Sanz: "Nahi dugu irudimenarekin eta belarriarekin bidaiatzeko aukera polit bat eskaintzea"

Erabiltzailearen aurpegia Ubane Madera Zangitu 2023ko urt. 13a, 10:03

Gaur, barikua, Bergarako Seminarixuan Danbaka Musika Lehiaketako finala jokatuko dute. Hiru finalista izango dira taula gainean: Oñatiko Aiert Alberdi bakarlaria, Aramaioko The Clayton rock taldea eta Bergarako Arragoa folk taldea. Azken talde horretan, Soraluzeko Musika Eskolako ordezkaritza esanguratsua dago: Nagore Sanz musika eskolako zuzendaritzako kidea, irakaslea eta ikaslea eta Lauri Azkargorta Soraluzeko Musika Eskolako saxofoi ikaslea. Gaur, 21:30ean hasiko da finala.

Bideoan ikusgai Arragoak Bergarako Gaztetxean eskainitako kontzertua.

Soraluzeko Musika Eskolako kideak dituen Arragoa taldeak folk musika tradizionala interpretatzen du, akustikoan. 

Gaur eskainiko duten kontzertua bidaia musikal modura aurkeztu du taldeko kide Nagore Sanzek. “Munduan zehar bidaia bat planteatzen dugu, tokian tokiko kanten errepertorioarekin. Bidaia musikala Eskozian hasiko da, handik Sueziara joango gara, Ameriketako Estatu Batuetara, Kubara, Brasilera, Asiara, Espainiara eta Irlandatik pasata Euskal Herrian bukatuko dugu. Sorpresatxoa ere egongo da dantzari batzuekin, osagarri modura. Nahi dugu publikoarekin apur bat inter-aktuatu, ea lortzen dugun. Irudimenarekin eta belarriekin bidaiatzeko aukera polit bat nahi dugu eskaini”. 

Musika tradizionalaren aberastasuna

Finalerako 45 minutuko kontzertua osatu beharko dute. Horretarako, kanta berriak sartuko ditu Arragoa taldeak, baita kanta propioak ere, Ala Phillipe, Atxunge tune eta Aukerak, adibidez. Sanzek esan duenez, musika eskaintzeaz aparte, kantuei buruz azalpen txiki bat ere emango dute.  

Gaineratutakoaren arabera, “urduri” daude gaurko finala dela-eta, baina “urduritasun positiboa” dute. “Gure helburua da kontzertu on bat prestatzea, ondo pasatzea gure artean eta jendeari erakustea musika tradizionala oso aberatsa dela. Eta zenbait instrumenturekin (txistua, biolinak…) daukagun estereotipoak apurtu. Nahi dugu folk musikaren inguruko mentalitatea zabaldu, aberastasun handia duen musika da eta nahi dugu erakutsi herri bakoitzak baduela bere aberastasuna. Oso zabala da folk musika eta herri bakoitzeko kulturarekin eta identitatearekin doa”. 

"Edozeinek" irabaz dezake

Finalari hartzen dion itxurari buruz galdetuta, berriz, Nagore Sanzek adierazi du “oso bariatua” dela, finalistak oso desberdinak baitira elkarren artean: Oñatiko bakarlari Aiert Alberdi, “estilo pertsonalagoa, intimoagoarekin…”, Arragoa, herrialde desberdinetako folk musika tradizionalarekin eta The Claytons “rock musikarekin, beste energia batekin”.

Sanzek uste du edozeinek irabazi ahal duela finala eta justu epaimahaiak horixe bilatu duela: “estiloen barietatea, publiko gehienari heltzeko helburuarekin”. 

Udalekuen ondorio

Arragoa musika taldea 2016-2017an egituratu zen. Biolin-joleak eta gitarra-joleak hasi ziren, Burgosen udaleku musikal batzuetan, musika tradizionalekoak, irakasle internazionalekin. “Hor hasi ginen errepertorioa jasotzen, estiloa lantzen… eta ya kantu batzuk geneukala, pentsatu genuen kalean, tabernaren baten… jotzea; eta horrela joan zen sortzen taldea”, esplikatu du Nagore Sanzek. 

Zortzikotea da Arragoa, bi familiak osatutakoa. Soraluzen ere izan da Arragoaren mostratxo bat, San Martzial jaietan zein Ezozikoetan. 

Danbaka Musika Lehiaketa

Danbaka Musika Lehiaketa, berriz, urriaren 14an abiatu zuen Goiena Komunikazio Taldeak, Bergarako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Sein taldearen babesletza eta laguntzarekin, bosgarren Danbaka Musika Lehiaketa. Debagoieneko ia herri guztietako ordezkariak taularen gainera igotzeko aukeratutakoen zerrendan. Musikari ezagunak eta hasiberriak elkarrekin urtarrilaren 13an helmugara heltzeko irteera puntuan.

Hogei formazio, bost kontzertu

Antolatzaileen esanetan, musika-dastaketa moduko bat izan da kontzertu bakoitza. Zapore ezberdineko lau plater bakoitzean. Gozoak, gaziak, garratzak, pikanteak edo zorrotzak aukeran, baina elkarrekin "egubakoitzetarako primerako proposamenak" osatuta. Hala adierazi dute emanaldietara joan diren ikus-entzuleek; publiko zabala batu da Seminarixoan, adinari eta musika zaletasunari begiratuta.

Musikariek "asko eskertu" dute Danbakak eskainitako erakusleihoa eta mimoz prestatutako zuzenekoak egiteko lan egin dute, orokorrean, guztiek, agertokian ondo erakutsita.

HEMEN KLIKATUTA gaurko finalari buruz Goienak egindako erreportajea ikusgai.