Aurten, 120 ikasle ditu Soraluzeko Musika Eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Musika Eskola 2022ko urr. 7a, 11:19

Gogotsu abiatu du ikasturtea Soraluzeko Musika Eskolak. 120 ikasle ditu matrikulatuta eta dagoeneko hasi dira ohiko ikasketekin eta Gabonak bitarteko saioak lantzen. Berritasunak ere baditu 2022-2023 ikasturtean. Adibidez, metalezko instrumentuen irakaskuntza berreskuratu du, bekak eman ditu eta ikasgeletako bat herriko musika taldeen eskura jarri du, entseguak egiteko aukera izan dezaten. 

Ikasturte honetatik aurrera, Soraluzeko Musika Eskolak berriro ere eskaintzen du metalezko instrumentuak ikasteko aukera. Irakasle berria ekarri dute horretarako, Susana Plumed bergararra eta dagoeneko lau ikasle ditu, bonbardinoan, tronboian eta tronpetan. 

Gainerako ikasleei dagokienez, berriz, Musika eta Mugimendua lantzen dihardute 4-5-6 urteko 19 ikaslek eta Musika Kantuz eta Musika Hizkuntza lantzen, berriz, 37 ikaslek.  Haiekin batera 34 helduk dihardute ikasketa musikal orotarikoak egiten.

Bekak

Bestalde, aurten, musika eskolak lau beka eman ditu. Horietatik bi beka 7 urtetik beherako umeendako dira, Musika eta Mugimendua ikasketak egiteko. Eta beste biak, 7 urtetik gorakoendako, Musika Kantuz ikasketak egiteko. Soraluzeko Udalaren eta musika eskolaren artean finantzatzen dituzte beka horiek. 

Musika taldeendako entsegu lokala

Eta Soraluzeko Udalaren laguntzarekin, baita ere, eskolako hainbat ikasgela akustikoki egokituko dituzte. Horietako bat herriko musika taldeen eskura jarri du musika eskolak, nahi izanez gero, bertan entsea dezaten. Baldintza bakarra bete behar dute: musika taldeko kideetako bat musika eskolako ikasle izatea. Horrekin batera, hilero 30 euro ordaindu behar dira argindar, ur eta komun gastuetarako eta instrumentuak erabiltzeko aukerarengatik.

Blues Hotsak, Gabonetako kontzertua…

Ikasturtea abiatuta, dagoeneko Gabonetara bitarteko saioei begira lanean dihardute. Besteak beste, azaroaren 20an Gaztelupeko Hotsak-ek egingo duen Blues Hotsak jaialdian parte hartuko dute. Azaroan, baita ere, Santa Zezili eguneko ekitaldia egingo dute eta Gabonetan, Gabonetako kontzertua.