Andoni Ariznabarreta Eibarko Bandako zuzendariorde izendatu dute

Andni Ariznabarreta eta Markel Gil plazentziatarrak Eibarko bandan. Argazkia: Eibarko banda.

Otsailean, Eibarko Bandako zuzendariorde izendatu dute Andoni Ariznabarreta Burunza (Soraluze, 1999) musikari plazentziatarra. Arizanbarretak tronboia jotzen du eta 2018tik da Eibarko Bandako kide. 

Andonik gogoz heldu dio zuzendariorde karguari baina sentitzen du urduritasun puntu bat ere: "Zuzendaria ez dagoenetan, nik zuzenduko dut banda eta egia esateko pixkat urduri nago, ze gainera zuzendaria, Andoni Vazquez, aita izango da laster eta adibidez, apirilaren 10ean Coliseoan joko dugun kontzertua neuk zuzenduko dut".

Andonik Soraluzeko Musika Eskolan hasi zituen musika ikasketak 7 urterekin eta bertan jarraitu zuen 16 urtera arte. Harrezkero, tronboia jo izan du Galtxagorri txarangan eta jaietako danborradan. 2018an, hemeretzi urte zituela hasi zen jotzen Eibarko Bandan, Markel Gil herrikidearekin batera. 

Gaur egun, Soraluzeko lau musikarik parte hartzen dute Eibarko Bandan: Aimar Bengoak, Alejandra Jauregik, Markel Gilek eta Andoni Ariznabarretak.   

Martxoaren 13an, Coliseoan

Eibarko Bandak hilero eskaintzen ditu kontzertuak, neguan eta euria denean, Coliseoan eta uda partean eguraldi ona denean, kanpoan. Hurrengo kontzertua martxoaren 13an eskainiko dute eguerdiko 12:30ean, Coliseo antzokian. Jesus Guridi euskal konpositorearen gaineko kontzertu monografikoa izango da: ‘El Caserio’ zarzuelaren preludioa, ‘Mirentxu’ operaren preludioa, ‘Diez Melodías Vascas’ obra eta ‘El Caserio’ zarzuelaren fantasia. Sarrera debalde da eta gonbidapenak eskura litezke Coliseo antzokiko leihatilan edota Kutxabanken webgunean. 

Martxoaren 27an plazentziako ikasleekin

Martxoaren 27an, Bandak musika ikasle gaztetxoekin batera eskainiko du kontzertua Coliseoan eta bertan, Soraluzeko Musika eskolako zenbait ikaslek ere parte hartuko dute, Eibarko Musika Eskolako ikasleekin batera. Andoni Ariznabarretak plazentziatar guztiak gonbidatu nahi izan ditu ikusle moduan bertaratu daitezen: "Aimatzen ditut herritar guztiak etortzera. Umeedako ere aproposa izango da, banda zer den ezagutu eta entzuteko".