Danbolin ikastarorako izen-ematea zabalik

Musika Eskolak danbolina jotzen trebatzeko ikastaroa eskainiko du apirilean eta maiatzean. Guztira, lau saio izango dira, zapatu goizetan, Jasone Akizu Bilbao Musika Eskolako txistu irakasleak eskainita. Izen-ematea zabalik dago.

Domentx Uzin musika eskolako zuzendariaren esanetan, ikastaroaren helburua ez da “masterra” egitea, baizik eta “beldurra kentzea”, “esploratzea eta gozatzea”, “danbolina sorbaldatik zintzilik erabiltzea gero eta gauza ohikoagoa” izan dadin. Beraz, ikastaroan parte hartzera gonbidatu ditu “gazte hasiberri, nahiz txistuzale beteranoak”. 

Jasone Akizu Bilbao Musika Eskolako txistu irakasleak gidatuko du ikastaroa eta ziurtatuta dago giro ona. “Jasone ezagutzen duzuenok, badakizue nolako energia eta umore onak dauzkan”, nabarmendu du Domentxek.  

Lau saio, zapatu goizetan

Ikastaroa, apirileko eta maiatzeko lau zapatutan eskainiko da. Apirilaren 2an, 9an eta 30ean eta maiatzaren 7an, goizeko 10:00etatik 13:30era, tartean ordu erdiko atsedena hartuta. Ikastaroaren prezioa 50 eurokoa da eta izena emateko ondorengo fitxa bete behar da: https://docs.google.com/forms/d/1DnHJ7zcrP7nAwpGYCHGbuHVwzaG1xAiieELpM-oBks8/edit. Ondoren, Kutxabank-eko kontuan ES08 2095 5062 91 1061777172 ordaindu eta ordainketa agiria bidali behar da soraluzemusika@gmail.com helbidera. Martxoaren 27ra arteko epea dago izena emateko.