Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Lorea Zurutuza Alberdi 2021ko uzt. 27a, 10:06

Jaio aurretik "zenbateko zaude?”, “noizko?”, jaio ondoren hilabeterekin hau egin behar du eta seirekin beste hau… Urtebete egindakoan oinez ibili behar da, sei urterekin irakurtzen jakin behar du eta hamarrekin mugikor baten jabe izan behar da.

Normalean, berezkoa edo naturala dena baino aurrerago joaten gara, atzean geratuko denaren beldurrez edo. Abstrakzio honetan murgilduta ez diogu haurrari haur izaten uzten; ez diogu momentua bizitzen uzten. Zer izango den edo zer izatea nahi dugunaren sentsazioaz hezten ditugu gure haurrak, askotan momentuan daukaguna kontuan izan gabe. Alferrikakoak izango dira geroko penak edo “egin izan banu…” bezalako esaldiak.

Horregatik, hausnarketa bat egiteko gonbita luzatzen dizuet. Eman diezaiogun haur bakoitzari behar duen denbora, baina denbora hori momentukoa izan dadila. Bere hazkuntza prozesuaren bidelagun bilakatu behar dugu; konfiantzazko testuinguru seguru bat eta batez ere, behar duen denbora emanez. Har dezagun patxadaz haur bakoitzaren hazkuntza eta disfrutatu dezagun bere ondoan.