Iritzi-artikulua

Urratsez urrats, euskal dantzan gustura!

Erabiltzailearen aurpegia Lorea de Castro 2024ko abe. 1a, 15:17

Aurten Urrats Dantza taldeak helduentzako euskal dantza ikastaroa jarri du martxan. Ez naiz inoiz dantzaria izan (parrandetako dantza saio inprobisatuez gain!) baina dantzari fina izan ez arren, izena ematea erabaki nuen. Urritik ekainera bitartean, asteazken edo ostegunetan elkartzen gara, 19:00etan maila oinarrizkoa dugunak eta ordubete beranduago maila aurreratuan daudenak. Adin guztietako ikasleak gaude, gehienak emakumeak.

Egia esateko, hasiera batean, banuen halako beldur eszeniko bat-edo. Lotsa agian? Erreparoa eta ilusioa aurrez aurre. Izan ere, eszenatoki gainera sarri igo izan naizen arren, dantza ez da nire puntu indartsua eta, horregatik, nire buruari jarri diodan erronka izan da izen emate hau: “baietz dantza egiten ikasi”. Ez neukan espektatiba handirik, baina nire harridurarako, gutxinaka-gutxinaka, pausoak ikasten eta barneratzen joan naiz eta, egia esan, oso gustura nabil. Taldeko giroa naturala eta sanoa da. Ez da inor epaitzen, ez dago presarik. Denok dugu gure erritmoan ikasten joateko aukera. Hanka sartutakoan ere, norbere buruaz barre egitea zeinen garrantzitsua den!

Dagoeneko ikasi ditut fandangoa, arin-arina eta banakoaren pausuak. Gaztañerreko erromerian ere izan nuen aukera dantza egiteko. Orain arte inbidiaz ikusten nituen lagunak plazan dantzan, baina orain neu ere jaiaren parte aktibo naizela sentitzen dut. Dantza horiek ikasi eta, batez ere, parte hartu ahal izatea aukera ederra da niretzat.

Animatzen dut pertsona oro bere buruari erronkak jarri eta konfort gunetik irtetzera

Pausoez gain, aste hauetan ikasi dut, adibidez, fandangoa eta arin arina dantzatzeko modu "diferentea" dugula Plaentxian. Agurrak ere baditu bere “desberdintasunak” beste herrietako pausoekin alderatuta. Hortan ere berezi plazentziatarrak!

Azken asteetako esperientzia honek mantra bat gogorarazi dit: "irten konfort gunetik, egin gauza berriak". Ez naiz dantzari bikaina bihurtu(ko), baina ez zait inporta: ikasten ari naiz, gozatzen ari naiz. Horregatik, animatzen dut pertsona oro bere buruari erronkak jarri eta konfort gunetik irtetzera.

Azken finean, bizitza bera ere, urratsez urrats, dantza eder bat baino ez da.