Musika ikasteko nire lehen pausoak Ines Marirekin eta Musika Eskolan eman nituen. Flauta trabesera, pianoa, abesbatza, musika hizkuntza… Ondoren Ezoziko Ama abesbatzan bi urte egin nituen, Darling Shoes taldearekin rock musikara pasa aurretik. Bateria, gitarra, ukelelea, banjoa… nire kabuz ikasi ditut, baina dudarik gabe, jasotako formazioan oinarrituta.
Bazkaloste batean gitarra hartu eta lagunekin elkarrekin abestea modukorik ez dago. Edo txupinazo ostean txarangarekin kalejiran ibiltzea. Edo danbor hots artean Soraluzeko kale estuak zeharkatzea. Edo jaietan Plaza Zaharreko tablatura igo eta gorputza zein arima hustutzea. Edo gaztetxeko aratosteetako kontzertuan talde mitikoen bertsioak jotzea. Pertsonen arteko harremanak sendotzeko baliabide indartsua da musika.
Egun biolontxeloa ikasten dihardut. Gozamena da astero frontoira igo, klasera sartu eta mindfulness ariketa brutal hori egitea. Momentu horretan ez da besterik existitzen. Izan ere, ez dago partitura baten aurrean jartzea bezalakorik neuronen arteko sinapsiak sutan jartzeko.
Iaztik musika eskolako juntan egotea ere dagokit. Azken urtea plan estrategiko bat garatzeko baliatu dugu. Prozesu honetan galdera asko erantzuten saiatu gara, baina baliteke garrantzitsuena hau izatea: Zein da musika eskolaren izateko arrazoia? Ba planean jaso denez, hemen erantzuna: “Soraluze biziagotzeko kultura ekarpena egingo duen eskola izatea, herritarren musikaren bidezko garapen pertsonala (emozionala, kognitiboa, soziala...) sustatuz. Musika eskola herritarra, inklusiboa, anitza, irekia, feminista, euskalduna eta kooperatiboa izango da”. Ez dugu erronka makala, beraz. Lau urterako plan bat zehaztu ondoren, orain martxan jartzea dagokigu. Musika Eskolak duen historia eta esperientziatik, eta Soraluzeren nortasunetik abiatuz, herriko eragile desberdinekin elkarlana sustatuko dugu. Ea bide horretan topo egiten dugun!