Bertso saioa egingo dute Gaztelekuan

Erabiltzailearen aurpegia
Aner Peritz bertsotan. Iturria: Maxixatzen.eus

Urriaren 15ean, Eneritz Artetxe eta Aner Peritz bertsolariek Bertso jasa, bat bateko jolasa izeneko bertso-saio didaktikoa eskainiko dute Gaztelekuan. Emanaldian publikotik ateratako boluntarioek ideiak eta gaiak proposatuko dizkiete bertsolariei eta haiek momentuan kantatu beharko dute horien inguruan.

Ekimena Kukumixo aisialdi taldeak eta herriko bertsozale taldeak antolatu dute elkarrekin, herriko gaztetxoei bertsolaritza modu ludiko eta erakargarrian ezagutarazteko helburuz. Hortik aurrera, bertsolarien zeregina izango da gaztetxoen interesa piztu eta saio dinamiko bat egitea, eta gaztetxoena, berriz, bertsolarien mingainak dantzan jartzeko egoerak eta hitzak elikatzea.

Saioa datorren barixakuan egingo da Tolarekua aretoan, arratsaldeko 17:30etik aurrera eta Gaztelekuan izena emanda dauden neska-mutil guztiek parte hartu ahalko dute bertan.