Emakume eta beraz, izaki bortxagarri, jazargarri eta tratu txarren jasotzaile bezala, zure testuak piztu gaitu. Are gehiago biharko egunaren, A25, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako egunaren bezperan hain zuzen. Elkarretaratzerako prestakuntzetan ari garela harrapatu gaitu hile honetako aldizkariak. Ez dakigu bertako linea editorialaren torpezia bezala baloratu behar dugun. Baina ezin erantzun gabe gelditu.
Hirugarren paragrafoan aipatzen denez “eraso sexistek hunkigarritasun garratz moduko bat” sorrarazten dute gure barnean. Guretzat behintzat sentimendua ez da hori, gorroto itzel bat sentitzen dugu eta eraso horri aurre egiteko gogoa. Jarraian “izan liteke kasua bera nahiko larria izatea” aipatzen duzu. Izan liteke? Benetan larria dena, bortxaketa basati horren ondoren bost akusatuak eta beren abokatuen jokabideak emakume erasotuaren errua eta erantzukizuna bilatzea da. Argi dago kasu honetan, bortxaketaren planifikazioa, bortxaketaren ekintza zuzena eta bortxaketaren ondorengo pausuak taldean hartutakoak eta estrategikoki aholkatuak izan direla.
Hedabideek benetan babestu beharko luketena biktimarekiko eta jasandako bortxaketarekiko argitaratu diren detaile txikienak eta morbosoenak izan beharko lirateke. Defentsako abokatuak epaiketa eta komunikabideen aurrean zabaltzen ari diren detaile horiek. Gure ustez, horrelako kriminalak nortzuk diren jakinaraztea emakumeon autodefentsa ekintza zuzen bat da. Gure buruak, gure ahizpenak, alabenak, amenak eta lagunenak babesteko egiten dugun zerbait, alegia.
Gu, Lukek aipatzen duen anai, arreba, guraso, bikotekide edo lagunak bagina gure ardura bakarra munstro horrekin izandako harreman estu hori izango litzateke.
Eta bere galderari erantzunez, bai, beharrezkoa da. Beharrezkoa dugu emakumeok gure duintasuna gorde nahi badugu eta gauez ateratzen jarraitu nahi badugu, gona motzekin, Sanferminetan edo bakarrik.Bortxaketa eta tratu txarren kasuan, aspaldi utzi genion justiziaren zain egoteari, kasu gehienetan beranduegi eta txantxa diruditen zigorrekin agertzen baita. Baina ez gara besoak gurutzaturik geratuko. Orain argazkiak eta grabaketak debekatu nahi dituzte baina beraien biktimei ez zieten irudia eta intimitatea babesteko aukerarik eman. Bortxaketaren bideoak beren lagunei harro helaraziz.
Komunikabide publiko guztiek, idazten hari garen honek ere, beharrezkoa dute Lukek aipatzen duen hausnarketa, baina beti betaurreko moreak jantzita. Bestela, usain arraroa hartzen baitute albisteek, elkarrizketek eta baita iritzi artikuluek ere.
Soraluzeko Korner Morea; gu gara manada.