iritzi-zutabea

Kuriositatearen beharra

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Caballero 2024ko abe. 27a, 13:33

Kuriositatea galbidean doa eta egoera okertzen ari zaio. 

Kanpotik ezarritako prefabrikatutako iritzi eta ideia multzoz bete zaizkigu burmuinak. Horri aurre egiteko gaitasun ezak noraezean garamatza, auskalo nora, baina noraezean. Horregatik uste dut kuriositatea lantzea beharrezkoa dela, munduaren aurrean gure txikitasuna onartu eta gauzen izaera edota zergatiagatik harritzea.

Bestalde, edozein eztabaidari hasiera emateko funtsezkoa da erabiliko diren kontzeptuen ezagutza sakona. Nola argudiatu, bestela, alde ala aurka argi ez badaukagu gaien esanahia? Eztabaida batek argudio sendoak behar ditu, ez uste erdi ustelak.

Niri min gozoa eragiten didate nire jokabide eta konbikzioak apurtzen dizkidaten argudioak. Mina, barnean itsatsita nuen arrazoi bat eraisten didalako. Gozoa, aldiz, nire pentsamendua eta ideiak doitzeko aukera berria sortzen delako. 

Beraz, ingurua kuriositatez aztertu, argudio propioak eraiki eta antolatu, eztabaidara eraman eta iritziz aldatzeko prest egon gaitezen!